Itxi

Athletic Club

1-0

Athleticek arnasa hartu du, Betisen aurka garaipena lortuta

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 1-0eko emaitzarekin irabazi dio talde andaluziarrari San Mamesen. Muniainek sartu du partidako gol bakarra.

  • Iker Muniain. Argazkia: EFE

    Iker Muniain, Betisi sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek garaipena lortu du Betisen aurka (1-0) San Mamesen eta jaitsiera postuetatik pixka bat gehiago aldendu da. Gaizka Garitanok taldea zuzentzeko ardura hartu duenetik, talde zuri-gorriak ez du partidarik galdu Ligan.

Hasieratik partidaren bila jo du Athleticek. Erasokor zelairatu da Bilboko taldea, eta azkar sortu ditu abaguneak; lehen minutua bete aurretik, Williamsek ez du asmatu errematea egiterakoan area barruan, eta, Muniainek kanpora bota du jaurtiketa De Marcosen pasea jaso ostean, laugarren minutuan. Ekinean jarraitu du Athleticek, eta saria jaso du 21. minutuan, Muniainek sartu duen golari esker (1-0). De Marcos hegaletik sartu da, pasea eman du area barrura, Muniainek kontrola egin, defentsa atzean utzi, eta bikain gurutzatu du jaurtiketa.

Gola sartu ostean, talde zuri-gorriak nagusi izaten jarraitu du, eta Betis ez da abagunerik sortzeko gai izan. De Marcosek pare bat aukera izan ditu bigarren gola sartzeko, baina ez da fin ibili aurkariaren ate aurrean. Lehen zatian Betisek izan duen abagune bakarra Lainezek sortu du atsedenaldira iritsi aurretik, baina mexikarraren jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Iago Herrerin atezainak, talde andaluziarraren gola eragotziz.

Atsedenaldiaren ostean, neurketaren gidoia aldatu egin da. Betis izan da baloiaren jabe, baina Athleticek izan ditu abagune argienak. Muniainek 2-0ekoa sartzeko aukera izan du, ez da erne egon, eta Pau Lopez atezaina aurreratu egin zaio. Ondoren, Yurik gehiegi gurutzatu du jaurtiketa eta Williams lurrera bota den arren, ezin izan du errematea egin. Yuriren beste jaurtiketa bat Pau Lopez atezainak harrapatu du.

Abaguneak huts egin ditu Athleticek eta bigarren zatiko azken 25 minutuetan Betis izan da nagusi, Athletici defentsako lana egitea egokitu zaiolarik. Talde andaluziarrak baloiaren jabetza izan du, baina asko kosta zaio abaguneak sortzea. Athletic jokalari bat gutxiagorekin geratu da 84. minutuan, De Marcosek txartel gorria ikusi baitu; sarrera gogorra egin dio Sidneiri zelai erdian, eta merezita egotzi du epaileak. Iago Herrerin atezainak Betisen gola eragotzi du azken txanpan, Canalesek maisuki jaurti duen falta desbideratuta. Bikain egon da talde bizkaitarreko atezaina. Azken minutuetan ondo eutsi dio aurkariari Athleticek, eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; Dani García, San Jose; De Marcos, Muniain (Ibai, 79. min), Cordoba (Balenziaga, 69. min); eta Williams (Guruzeta, 86. min).

0 - Betis: Pau Lopez; Barragán (Tello, 58. min), Mandi, Sidnei, Feddal, Francis; William Carvalho, Canales, Lo Celso; Loren Morón (Sergio Leon, 75. min) eta Diego Lainez (Guardado, 75. min).

Golak: 1-0, 21. min: Muniain.

Epailea: Xabier Estrada Fernandez. Txartel gorria atera dio De Marcosi 84. minutuan. Gainera, txartel horiak atera dizkie Yuri (26. min), San Jose (31. min), Yeray (82. min), Capa (87. min), Sidnei (2. min5) eta Loren Moron (50. min) jokalariei.

VAReko epailea: David Medie Jimenez.