Itxi

Athletic Club

Osasun-partea

Adurizek bihurritu arina du belaunean eta bi aste gehiago emango ditu jokatu gabe

Erredakzioa

Sevillaren aurkako Kopako joaneko partidan "kolpea" hartu zuen eskuin belaunean, baina klubak orain osasun parte berria atera du, esanez aurrelariak bihurritu arina duela eskuin belaunean.

  • Aritz Aduriz. Argazkia: EFE

    Aritz Aduriz. Argazkia: EFE

Aritz Aduriz eta Raul Garcia Athleticeko jokalariek min hartuta jarraitzen dute, eta ez dira jokatzeko prest egongo talde zuri-gorriak igande honetan Vila-realen aurka jokatuko duen partidan.

Adurizek min hartu zuen Sevillaren aurkako Errege Kopako joaneko neurketan, eta klubak atera zuen osasun parteak esan zuen aurrelariak "kolpea" zuela eskuin belaunean. Bada, larunbat honetan, beste osasun parte bat atera du Athleticek; bertan, esaten du Aritz Adurizek "bihurritu arina duela eskuin belaunean". Klubak ez du jakitera eman jokatu gabe emango duen epea, baina Aduriz 2 edo 3 aste gehiago egon daiteke berdeguneetatik at.

Bestalde, Raul Garciaren eskuin hankako soleoko lesioaren bilakaera bide onetik doala jakinarazi du Athleticek. Iñigo Lekue gero eta lan karga handiagoa izaten ari dela ere publikatu du Bilboko klubak. Mikel Rico, aldiz, "lan karga gutxi izaten ari da, baina handitzen hasiko da datorren astean hasita".

Gainera, Athleticek publikatu dituen osasun parteetan Oihan Sanceten egoeraren berri ere eman du; "jokalaria lan karga handitzen ari da bolumenari eta intentsitateari dagokionez, arazorik gabe".