Itxi

Athletic Club

18. JARDUNALDIA

Athleticek arnasa hartu du Balaidosen(1-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriak jaitsiera postuetatik atera dira Vigon lortutako hiru puntuekin, 18. jardunaldia bukatu denean.

  • Athleticeko jokalariak Muniainen gola ospatzen

    Athleticeko jokalariak Muniainen gola ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek irabazi egin dio Celtari Balaidosen (1-2), Iñaki Williamsek eta Iker Munianek sartutako golei esker. Gainera, erdilari nafarrak aurrelariaren pase bat baliatuta egin du gola.

Garaipen horri esker, zuri-gorriak jaitsiera postuetatik kanpo daude, Vila-realen kaltetan, eta apurka-apurka zulotik ateratzen ari direla dirudi. Gaizka Garitanok taldea hartu zuenetik ez dute partidarik galdu: bi norgehiagoka irabazi eta beste bi berdindu dituzte Ligan, eta garaipena eskuratu dute Kopan orain arte jokatutako neurketa bakarrean.

Athletic ordenatuta eta aurkaria presionatzen zelairatu da, Celtak atzealdean uzten zituen espazioak aprobetxatzen saiatzeko asmoz, Williamsen abiadura baliatuta. Miguel Cardosoren taldeak zailtasunak izan ditu baloia atzetik jokatuta ateratzeko, eta jokoa geldoa eta erraz defendatzeko modukoa egin du.

Neurketan zehar oso jaurtiketa gutxi egin dira hiru zutoinen artean, eta izan diren apurrak geldikako jokaldien ostean iritsi dira, gehienbat. Athleticek estrategiako jokaldi bat aprobetxatu du lehen minutuetan arrisku handiko jokaldia egiteko. Falta bat atera ostean, baloiak Unai Nuñezen buruan amaitu du, baina Rubenek erantzun ederra eman dio horren ahaleginari. Minutu batzuk geroago, etxekoen erantzuna heldu da: Maxi Gomezek zutoinaren aurka jaurti du falta bat.

Garitanoren plana garbi zegoen: aurkariak aukerak sortzea eragotzi, baloia ahalik eta azkarren berreskuratu eta kontraerasoan atera. Hala ari zela, Athleticek saria lortu du 20. minutuan. Baloi bat berreskuratu du bere arean, eskuin hegaletik zeharkatu du zelaia Williamsen lasterketaldia aprobetxatzeko, eta hark izkin egin dio Cabrali, Muniainek jokaldia burutzeko.

Gola jasotakoan, etxekoak suspertu egin dira, baina ez dute aukera nabarmenik sortu. Athletic nekez hurbildu da hortik aurrera Celtaren arearen inguruetara, eta Beñaten erdiraketa arriskutsu bat izan da zuri-gorrien aukera bakarrenetakoa.

Futbol gutxiko minutu horietan, ezustean etorri da Celtaren gola, lehen zatiaren luzapenean, hain zuzen ere. Galiziarrek korner bat atera dute, baloiak bigarren zutoinean bukatu du, eta bertan bakar-bakarrik zegoen Fran Beltranek sakatu besterik ez du egin behar izan. Jokalari madrildar gazteak Lehen Mailan lortu duen lehen gola izan da.

Celtak erritmo gehiagorekin ekin dio bigarren zatiari, eta lehen minutuetan arriskua eraman du Herrerinen atera, Beltranen eta Maxi Gomezen jaurtiketen bidez. Baina hortxe amaitu da etxekoen bultzada, Athletic eraginkorragoa izan baita.

Lehenengoan, Williamsen beste kontraeraso batean eraman du arriskua Celtaren atera, baina jaurtiketa egiteko unean indarrik gabe geratu da aurrelaria. Bigarrenean, berriz, Herrerin atezainaren pase luze bat jaso du, eta, bere abiadura baliatuz Ruben atezainaren aurrera bakarrik iritsita, baloia sare barrura bidali du, jaurtiketa gurutzatua eginez.

Bigarren gol horrek erantzuteko aukerarik gabe utzi du Celta ia bigarren zati osoan zehar. Athletic, ordea, lehia erabakitzeko zorian egon da kontraeraso batean, baina ez da argi aritu abagune horietan.

Dena den, Celtak ahalegin bat egin du amaiera aldera, eta oso gertu izan du berdinketa Maxi Gomezen burukada batean, baina zuri-gorrien atetik kanpora joan da. Celtak, ondorioz, ezin izan du Athleticen garaipera eragotzi.

Fitxa teknikoa:

Celta 1: Ruben, Hugo Mallo, Cabral, Araujo, Junca, Okay, Lobotka (Sisto, 63. min), Beltran (Hjulsager, 80. min); Brais, Boufal (Eckert, 74. min), Maxi Gomez.

Athletic 2: Herrerin, Capa, Unai, Iñigo Martinez, Yuri, Beñat, Dani Garcia, (San Jose, 75. min) De Marcos, Muniain, Cordoba (Balenziaga, 88. min), Williams (Aduriz, 62. min).

Golak: 0-1, 19. min: Muniain; 1-1, 46. min: Beltrán; 1-2, 53. min: Williams.

Epailea: Martinez Munuera. Txartel horiak: Okay eta Hugo Mallo (Celta); Williams, Cordoba, Dani Garcia, Muniain eta Aduriz (Athletic).