Athletic Club
Akordioa
Amorrortuk Athleticeko kirol zuzendariari izateari utzi dio
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Aitor Elizegi presidente hautatu berriarekin akordioa adostu du talde zuri-gorria uzteko.
-
Jose Mari Amorrortu. Argazkia: ETBko bideo batetik ateratako irudia
Orain arte Athleticeko kirol zuzendaria izan den Jose Mari Amorrortuk ez du bere zereginetan jarraituko Aitor Elizegi presidente hautatu berriarekin akordioa adostu ostean. Hala eman du jakitera Amorrortuk berak Athleticeko kanalen bidez zabaldu duen agur-gutun batean.
Amorrortuk 2019ko ekainaren 30era arte zeukan kontratua, eta orduan zeukan aurreikusita erretiroa hartzea. Hala jakinarazi zuen Josu Urrutia Athleticeko aurreko presidenteak bere azken prentsaurrekoan. Dena dela, hauteskundeen ostean erabaki hori aurreratzea erabaki du.
"Bere hurbiltasuna eta ulertzeko ahalmena erakutsi didan Aitor Elizegirekin akordioa erdietsi eta gero, agur esateko ordua heldu da. Nire esker ona eman nahi diet nigan konfiantza ipini duten guztiei, eta baita nire ondoan esperientzia hau partekatu dutenei ere", adierazi du teknikari bilbotarrak bere agurrean.
Amorrorturen esanetan, "egiazko pribilejioa izan da Athleticentzat lan egitea" eta horretaz "harro" dago. "Lehen talderako futbolariak egitea, eta, bidean, pertsonak heztea izan dira gure ikurrak", ziurtatu du.
Aipatu oharrean gaineratu duenez, prest dago klubaren "gidari berriei lehenengo hilabete hauetan behar duten laguntza emateko". Rafa Alkorta eta Andoni Ayarza izango dira kirol zuzendari eta zuzendari tekniko berriak.
Gaur arte Athletic Cluben kirol zuzendaria izan den Jose Mari Amorrortu Prietok bazkide eta zale zuri-gorriei agur esateko gutuna idatzi du. Ondoko irudian irakur daiteke. #AthleticClub pic.twitter.com/VlNdd3oEUf
— Athletic Club (@athletic_eus) 2 de enero de 2019