Athletic Club
1-1
Athletici ihes egin dio garaipenak azken hasperenean
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Puntu bakarra erdietsi du Athleticek azken unera arte irabazten joan ostean. Adurizek egin du gola penalti bitxi bat Valladoliden ate barrura sartuz, baina ezin izan diote abantailari eutsi.
-
Athletic 1-Valladolid 1. Argazkia: EFE
Athletici ihes egin dio garaipenak azken hasperenean. Oscar Planoren gol batek 92. minutuan, hau da, luzapenean, berdinketa ezarri du San Mameseko markagailuan, Aritz Adurizek penaltiz gola egin eta zurigorriek hiru puntuak eskuratuko zituztela zirudienean, hain zuzen ere.
Valladoliden golak, ordea, oihu guztiak baretu eta afizioaren poza zapuztu du Adurizek harmailan zegoen Jon Rahm golflari lagunaren "putt" bat izango balitz bezela jaurtiz penaltia. Korrikaldi txikirik egin gabe eta jaurtiketa motel batekin egin du gola Adurizek Enric Masipen atearen barruan erdiratuz. Ondo bota da atezaina baloiaren bila, baina ezin izan du denak aho zabalik utzi dituen jaurtiketa gelditu.
Luzapenean egindako akatsaren ondorioz, hiru puntuak lortu ez arren, Athleticek jaitsiera postuetatik kanpo emango dio amaiera urteari Vila-Realek eta Madrilek urtarrilaren 3an 17. jardunaldiko partida jokatu arte, behintzat. Orduan ikusi beharko da Vila-Realek egiten duenaren arabera jaitsiera postuetara bueltatzen diren edota postua mantentzen ote duten zurigorriek.
Valladolidek bestalde, sailkapeneko erdialdeko postuetan dirau Oscar Planoren golari esker erdietsitako berdinketaren ondorioz.
Fitxa teknikoa:
1 - Athletic: Iago Herrerin; Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; Williams, Dani Garcia, Beñat (San Jose, 76.m), Muniain (Cordoba, 67.m); Raul Garcia (Guruzeta, 85.m) eta Aduriz.
1 - Valladolid: Masip; Javi Moyano (Borja Fernandez, 74.m), Kiko Olivas, Calero, Nacho; Keko Gontan (Antoñito, 75.m), Ruben Alcaraz, Michel, Oscar Plano; Leo Suarez (Verde, 60.m) eta Enes Ünal.
Golak: 1-0, 45.m: Aduriz, penaltiz. 1-1: Oscar Plano.
Epailea: Sanchez Martinez.
VAR: Santiago Jaime Latre.