Athletic Club
Kontratu berritzeak
De Marcosek eta Balenziagak kontratuak luzatu dituzte Athleticekin
eitb.eus
2021. urteko ekainaren 30era arte berritu dute, eta euren kontratuetan ez da etete-klausularik egongo.
-
Josu Urrutia De Marcosekin batera. Argazkia: Athletic Club
Athleticek ostiral honetan jakitera eman duenez, Mikel Balenziaga ezker hegalekoaren eta Oscar de Marcos eskuin hegalekoaren kontratuak berritu ditu beste bi denboraldirako. Batak zein besteak 2019ko ekainaren 30ean bukatu behar zuten euren lotura klub zuri-gorriarekin; horrenbestez, 2021eko ekainaren 30era arte jarraituko dute Bilboko taldean.
Gainera, bien kasuan, eta aurretik Iker Muniainek egin zuen bezala, euren kontratuetan ez da inongo etete-klausularik azaltzen.
Athleticek zabaldu dituen bi oharretan jasotzen denez, "Athletic Clubek eta jokalariak kontratua diru kopuru bat ordainduta aldez aurretik iraungitzeko aukera ezabatzea adostu dute eta, beraz, ez da etete-klausularik egongo".
Aipatu bi berritze horiek abenduaren 27ra arte, hots, Athleticen hauteskundeak egin arte, kluba zuzentzen duen Kudeaketa Batzordeak gauzatu ditu.
Balenziagak (30 urte) 238 aldiz jantzi du elastiko zuri-gorria, taldean eman dituen zortzi denboraldietan, eta bi gol erdietsi ditu. Bere aldetik, De Marcosek (29 urte) hamar denboraldi daramatza Bilboko taldearekin, 367 jokatu ditu eta 32 gol sartu.