Itxi

Athletic Club

0-4

Zuri-gorriak aise gailendu dira final-zortzirenetako txartela eskuratzeko lehian

ERREDAKZIOA | AGENTZIAK

Garitanok garaipen batekin ekin dio Athleticen entrenatzaile gisa hasi duen ibilbide berriari, Adurizek eta Williamsek bina gol egin baitituzte.

  • Aritz Aduriz. Argazkia: EFE

    Aritz Aduriz. Argazkia: EFE

Athleticek Kopako final-zortzirenetako txartela eskuratu du, Huescaren aurka 0-4 irabazita. Joanekoan ere alde bera atera zion Aragoiko taldeari, eta, hortaz, aise gainditu du kanporaketa. Gainera, ostegun honetakoa neurketa berezia izan da, lehen aldiz eseri baita aulkian Garitano Athleticeko lehen taldeko entrenatzaile gisa.

Zuri-gorriek Aritz Adurizen eta Iñaki Williamsen erakustaldiei esker egin dute aurrera, joanekoan alde bera erdietsita San Mamesen; ez da neurketarik zirraragarriena izan, baina zuri-gorriek nolabaiteko pizgarria behar zuten bolada txarrari amaiera eman eta aurrera irmo egiteko.

Lehen zatian ez da ia aukerarik egon. Neurketa hasi bezain pronto, Serdar Guler turkiarrak buruz egindako errematea izan da aukerarik garbienetako bat, baina desbideratu egin da, eta Beñat Etxebarriaren saiakera bat izan da azpimarragarriena partidaren 15. minutuan.

Markagailua, ordea, Aritz Adurizek estreinatu du, 37. minutuan, Iñigo Martinezen pasea jaso eta neurketako lehen gola eginez.

Atsedenaldiaren ostean, gauzak ez dira asko aldatu, eta neurketak ez du emozio berezirik izan, baina lehen zatian baino joko hobea izan da zelaian.

57. minututik aurrera, gol festa iritsi da Alcorazera, Adurizen bigarrena iritsi baita jokaldi bitxi batean, jokoz kanpo zegoela uste baitzuen. Norgehiagokaren azken zatian, berriz, Williamsek Adurizen balentria errepikatu du, eta 80. minutuan zuri-gorrien hirugarren gola eta luzapenean (90+2) laugarrena egin baititu.

Fitxa teknikoa:

0 - Huesca: Werner; Almerge (Miramon, 62. min), Etxeita, Insua, Brezancic; Musto (Aguilera, 46. min), Sastre (Camacho, 71. min); "Chimy" Avila, Melero, Gurler; eta Longo.

4 - Athletic: Unai Simon; Capa (De Marcos, 58. min), Yeray, Iñigo Martínez, Yuri Berchiche; Susaeta, Beñat (San Jose, 83. min), Dani Garcia, Cordoba; Aduriz (Iñaki Williams, 63. min) eta Raul Garcia.

Golak: 0-1, 37. min, Aduriz; 0-2, 59. min, Aduriz; 0-3, 81. min, Iñaki Williams; 0-4, 92. min, Iñaki Williams.

Epailea: Del Cerro Grande.