Athletic Club
Baieztapen ofiziala
Uribe-Echevarria Athleticeko hauteskundeetara aurkeztuko da
EITB.EUS
Hala jakinarazi du ekonomialari bilbotarrak ohar baten bidez, Euskal Telebistak aurreratu ostean.
-
Alberto Uribe-Echevarria. Foto: ETBko bideo batetik hartutako irudia
Alberto Uribe-Echevarriak, orain arte Athleticeko Zuzendaritza Batzordeko diru-zaina izandakoak, talde zuri-gorriko presidente izateko hautagaitza ofiziala aurkeztuko du datozen egunetan. Hala baieztatu du Uribe-Echevarriak berak Facebook bidez argitaratu duen ohar baten bidez, Euskal Telebistak albistea aurreratu ostean.
"Ohar labur honen bitartez, Athletic Clubek Presidentetza eta Zuzendaritza Batza aukeratzeko abian ipini duen hauteskunde prozesuan nire hautagaitza aurkeztea erabaki dudala jakinarazi nahi dizuet", baieztatu du.
Horrenbestez, Uribe-Echevarriarena oraintsu arte kluba zuzentzen egon den lantaldearen bide beretik joango den hautagaitza izango da, eta berarekin batera lehen ere zuzendaritzako kideak izandakoak zein izen berriak aurkeztuko dira. "Hurrengo egunotan hautagaitzaren behin betiko osaketa jakinaraziko dizuegu, azken Zuzendaritza Batzan egon diren partaidez eta baita horren kanpo egon diren eta, halaz ere, gure Klubeko ikuspegia arlo askotan partekatzen duten pertsonez ere osaturik", gaineratu du Uribe-Echevarriak aipatu oharrean.
Ekonomialari bilbotarra Athleticen gai ekonomikoen arduradun nagusia izan da azken zazpi urteetan, eta hori dela-eta (hots, orain arteko zuzendaritzako partaide izateagatik), ez dauka zertan 19 milioi euro inguruko diru bermea jarri behar. Aitzitik, gainerako balizko hautagaiek nahitaez bete beharko lukete baldintza hori.
Hautagaitzak aurkezteko epea asteazkenean, azaroaren 28an zabaldu zen, eta abenduaren 7an itxiko da. Horrela, Uribe-Echevarriarena ofizialki aurkeztuko den lehen hautagaitza izango da.
Dimisioak Kudeaketa Batzordean
Bestalde, Athleticek jakitera eman duenez, Kudeaketa Batzordeko bost kidek (Elaia Gangoiti, Laura Martinez, Javier Aldazabal, Genar Andrinua eta Ignacio Palacios-Huerta) dimisioa eman dute euren karguetatik. Itxura guztien arabera, izen horiek Uribe-Echevarriaren hautagaitzarekin bat egingo lukete.
Hartara, une honetan hiru pertsonak osatzen dute Kudeaketa Batzordea: Josu Urrutiak, Jon Muñozek eta Jokin Garateak.