Athletic Club
handidura
Raul Garciak ez dauka hausturarik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Handitua dauka ezkerreko belaunean, Getaferen aurka izan zuen zartaduraren ondorioz.
-
Raul Garcia, Athleticekin gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek Raul Garciari buruzko beste mediku-txosten bat argitaratu du astelehen honetan. Hain zuzen ere, jokalari nafarrak min hartu zuen Getaferen aurka igandean jokatutako neurketan, eta aldatu egin behar izan zuten ezker belaunean pairatu zuen "zartadura" dela-eta.
Kezka zegoen erdilariak lotailua hautsita izan zezakeelako, baina klubak plazaratu duen oharraren arabera, jokalariak "hoffitisa dauka ezker belauneko aurreko aldean".
Hartara, iruñarrak handituta dauka tendoi errotulianoaren atzean eta errotularen azpian kokatzen den gantz gunea. Aipatu handidura horren sendatze-epea "hurrengo orduetako bilakaeraren araberakoa izango da", baina litekeena da zenbait astez jokatu ezinik egotea.
Horrenbestez, Raul Garcia ez da egongo Athleticek asteazkenean Huescaren aurka jokatu behar duen Errege Kopako final-hamaseirenetako norgehiagokan.
Balenziagak ezker izterreko bizepsa dauka minduta
Bestalde, Getaferen aurkako partida berean min hartu zuen Mikel Balenziaga ere ezingo da Kopako neurketa horretan aritu. Izan ere, ezker hegalekoak giharretako lesio "arin-moderatua" dauka ezker izterreko bizepsean.
Horrez gain, ez dago argi Mikel Rico, Yeray Alvarez eta Iñigo Lekue asteazkeneko lehiarako jokatzeko moduan egon ahal izango diren.