Athletic Club
1-3
Realak garaipena lortu du San Mamesen, Athleticen hutsegiteak aprobetxatuta
eitb.eus
Neurketa orekatuta heldu da atsedenaldira (1-1), baina bigarren zatian zuri-gorriak ez dira fin ibili defentsa lanetan, eta Realak hori baliatu edu garaipena lortzeko.
-
Mikel Oyarzabalel bi gol sartu ditu, biak penaltiz. EFE
Realak irabazi egin du Athleticen aurka ostiral honetan San Mamesen jokatutako derbia (1-3). Etxekoek baloiaren jabetza izan dute, baina akatsak egin dituzte atzealdean, eta gipuzkoarrak argi ibili dira akats horiei zukua atera eta lehia euren aldera bideratzeko.
Athleticek oso indartsu ekin dio partidari, eta hasierako minutuetan nagusi izan dira erabat. Zuri-gorriek baloi jabetza eskuratu dute eta Reala atzean sartuta egon da.
Hala, Athleticen lehen aukera 4. minutuan heldu da, geldikako jokaldi batean. Beñatek area ertzetik zuzenean jaurti du, eta Moyak kornerrera aldendu behar izan du arratiarraren jaurtiketa arriskutsua.
Etxekoek eroso jardun dute, eta sarri-sarri gerturatu dira txuri-urdinen inguruetara, horren adierazle da partidako lehen ordu laurdena bete denerako lau korner atera dituztela, baina abagune garbirik sortu gabe.
Realaren lehen ahalegina 19. minutuan heldu iritsi da, Ruben Pardok egindako falta jaurtiketa baten bidez. Baina atea urrutiegi zegoen, eta baloia zuzenean kanpora joan da.
27. minutuan polemika piztu da zelaian. Iñigo Martinezek asko altxatu du hanka area barruan baloi bat aldendu nahian, eta Luca Sangalli jo du. Hasiera batean, epaileak ez du ezer adierazi, baina gerora, zenbait minutu igaro ostean, bideoarbitrajearen bidez penaltia adierazi du Hernandez Hernandezek. Mikel Oyarzabalek bikain jaurti eta Realak aurre hartu du markagailuan 30. Minuturako (0-1).
Hala ere, handik bi minutura, Muniainek jokaldi ona antolatu du, eta Susaetak area barrura erdiratu duen baloia sare barrura bota du Athleticeko jokalari nafarrak berak, atzelari txuri-urdinen zorigaiztoko aldaratzea aprobetxatuta (1-1, 32. min).
Bilbotarren berdinketaren ostean, neurketaren tentsioak asko egin du gora (epaileak sei txartel erakutsi ditu lehen zatian guztira: bost Athletici eta bat Realari), baina bi taldeek ez dute gol-aukera garbirik sortzeko gaitasunik izan atsedenaldira heldu bitartean.
Zuri-gorrien hutsak atzealdean
Aldageletatik itzuli eta berehala, txuri-urdinek berriro hartu dute aurrea: Yuri Berchichek baloia galdu du zelai erdian, eta eskuineko hegalean zegoen Igor Zubeldiari iritsi zaio. Azkoitiarrak hondoko marrara arte egin du barneraketa, Beñaten defentsa gaindituta, eta bere erdiraketa Sangallik ate barrura bultzatu du (1-2, 47. min).
Gol horren ostean, Reala indarberrituta agertu da; etxekoek, aldiz, ez dute joko argirik sortzeko modurik aurkitu. Hori bai, aldeko korner anitz pilatu dituzte, baina erdiraketa gehienak antzuak eta arrisku gabeak izan dira.
Reala Athleticen beste akats bat noiz etorriko zain egon da, eta hutsegite hori 72. minutuan heldu da. Yerayk gaizki utzi dio baloia Unai Simon atezainari, eta hark penalti garbia egin dio oso erne ibili den Jon Bautistari. Oyarzabalek hartu du berriz ere penaltia botatzeko ardura, eta bigarren ahaleginean ere asmatu egin du (1-3).
78. minutuan eztabaidarako beste jokaldi bat heldu da; izan ere, Raul Garciaren ordez bigarren zatian zelairatu den Aritz Adurizek gola sartu du, baina epaileak jokoaz kanpokoa adierazi du zale zuri-gorrien haserrea areagotuz.
Hortik eta amaierara arte, etxekoak nahi eta ezin aritu dira Realaren defentsako lan txukunari aurre egin ezinda. Horrenbestez, Asier Garitanoren mutilek norgehiagoka irabazi eta hiru puntuak lortu dituzte.
Fitxa teknikoa:
Athletic 1: Unai Simon; De Marcos (Capa, 68. min), Yeray, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche; Dani Garcia, Beñat (San Jose, 84. min), Muniain; Susaeta, Raul Garcia (Aduriz, 68. min) eta Williams.
Reala 3: Moya; Gorosabel, Aritz Elustondo, Raul Navas, Kevin Rodriguez; Illarramendi, Zubeldia; Sangalli (Sandro, 76. min), Rubén Pardo (Zurutuza, 65. min), Oyarzabal (Hector Moreno, 85. min); eta Bautista.
Golak: 0-1, 30. min: Oyarzabal, penaltiz. 1-1, 32. min: Muniain. 1-2, 47. min: Sangalli. 1-3, Oyarzabal, penaltiz.
Epailea: Alejandro Jose Hernandez Hernandez. Txartel horiak: De Marcos, Susaeta, Iñigo Martinez, Williams, Dani Garcia eta Raul Garcia (Athletic); Zubeldia, Moya, Zurutuza, Illarramendi eta Bautista.