Itxi

Athletic Club

2. JARDUNALDIA

Athleticek eta Huescak bina bukatu dute, etxekoek bi goleko abantaila izan eta gero

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriak aurretik jarri dira Susaetaren eta Berchicheren golen bidez, baina Aragoiko taldeak ez du amore eman, eta partida berdintzea lortu du azkenean.

  • Argazkia: EFE

    Argazkia: EFE

Athleticek eta Huescak bina bukatu dute San Mamesen, partida erakargarria jokatu ostean. Zuri-gorriak 2-0 joan dira aurretik, baina bisitariek markagailua berdintzea lortu dute lehiaren azken txanpan.

Lehen zatian, Berizzoren mutilek abiadura jarri nahi izan diote euren jokoari, baina ez dute zehaztasunik izan paseak emateko garaian. Ondorioz, urriak izan dira aurkarien ate inguruan sortu dituzten gol aukerak.

Alabaina, neurketa atsedenaldira heltzeko zorian zegoela, Williamsek zutoinera jaurti du, area barruan buelta-erdian jo duen baloi batean.

Partida goitik behera aldatu da bigarren zatia hasi bezain pronto, lau gol ikusteko parada izan baitute zelaian bildutako 36.000 ikusleek.

Horietako lehena Markel Susaetak sartu du. Eibartarrak minutu bat besterik ez du behar izan bere taldearen lehen gola egiteko, Williamsek area barruan utzitako baloi bat aprobetxatuta.

Golak mesede egin dio etxeko taldeari. Neurketaren agintea eskuratu du, eta handik gutxira etorri da bigarrena. Yuri Berchiche izan da golegilea, Williamsen beste pase on bat baliatuta.

Neurketa erabakita zegoela zirudienean, Huescaren erreakzioa iritsi da. 71. minutuan, Miramonek areaz kanpotik jaurti du, korner baten osteko aldaratzea harrapatuta, eta Unai Simon atezain zuri-gorriak ez du gelditzerik izan, aurrean zituen jokalarien artean igaro baita baloia.

Gol horrek biziberritu egin du Aragoiko taldea, eta ahalegin betean ekin dio markagailua berdintzeko ahaleginari. Hala, batzuek zein besteek aukera garbiak izan dituzte hortik aurrera. Horietako batean, Williamsek zutoinaren aurka bota du beste behin bere saiakera.

Haatik, barkatu ez duena Chimy Avila argentinarra izan da, boleaz gol ikusgarria lortu baitu 87. minutuan Huescarentzat. Horrenbestez, 2-2 amaitu da lehia.

Fitxa teknikoa:

Athletic Club 2: Unai Simon; De Marcos (Capa, 81. min), Yeray, Nolaskoain, Berchiche; Dani García, Raul Garcia, Muniain; Susaeta (Guruzeta, 84. min), Cordoba (Iturraspe, 70. min) eta Williams.

SD Huesca 2: Werner; Miramon, Pulido, Etxeita, Luisinho; Alex Gallar (Gürler, 68. min), Musto, Melero, Moi Gómez (Ferreiro, 61. min); Longo (Chimy Ávila, 77. min) eta Cucho Hernandez.

Golak: 1-0, 47. min: Susaeta. 2-0, 63. min: Berchiche. 2-1, 71. min: Miramon. 2-2, 86. min: Chimy Avila.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak: Dani Garcia eta Iturraspe (Athletic); Pulido eta Musto (Huesca).