Itxi

Athletic Club

Lesioa

Herrerinek lesio muskularra du eta zalantza da Ligako lehen partidarako

Erredakzioa

Athleticeko atezainak 'lesio muskularra du eskuin bizeps brakialean' eta zalantza da Leganesen aurka jokatu beharreko abuztuaren 20ko neurketarako. Remirok hasieratik jokatzeko aukera asko ditu.

  • Iago Herrerin. Argazkia: EFE

    Iago Herrerinek entrenamendua uzten duen unea. Argazkia: EFE

Iago Herrerinek lesio muskularra du eskuin besoan eta zalantza da Athleticek Leganesen aurka abuztuaren 20an San Mamesen jokatuko duen Ligako lehen partidarako. "Lesio muskularra du eskuin bizeps brakialean. Froga osagarriak egingo zaizkio. Bilakaeraren zain", dio Athleticek publikatu duen osasun-parteak.

Herrerinen lesioak Alex Remirori eman diezaioke debuta egiteko aukera, bi hauek baitira lehen taldeko atezainak, Chelseak Kepa Arrizabalaga fitxatu baitu eta Unai Simon Elxen utzita baitago. Ondorioz, 23 urte dituen Remirok debuta egin dezake Athleticekin. Remirok Huescan utzita jokatu zuen iragan denboraldian eta lan bikaina egin zuen. Gainera, 21 urtez azpiko selekzioaren deialdietara ere joandakoa da. Osteguneko entrenamenduan bi atezain izateko, Eduardo Berizzo entrenatzaileak Bilbao Athleticeko Hodei Oleaga atezaina deitu du.

Osteguneko lan-saioan, Iñigo Martinez ez da taldekideekin batera egon, bere sendatze-prozesuarekin jarraitzen baitu. Aritz Adurizek ez du arazorik printzipioz, baina entrenamenduaren lehen zatia bete ostean, Lezamako zelaia utzi du.