Itxi

Athletic Club

Ofiziala

Keparen abokatuek etete-klausula ordaindu dute Ligan

Erredakzioa

Kepa Arrizabalaga Chelseako jokalaria da, klub ingelesak 80 milioi euro ordaindu baititu Ondarroako atezaina fitxatzeko.

Kepa Arrizabalagaren abokatuek atezainaren etete-klausula ordaindu dute Futbol Liga Profesionalean. Ondorioz, Chelseako jokalaria da jada ondarroarra. Klub ingelesak 80 milioi euro pagatu ditu ondarroarra fitxatzeko, eta historiako atezain garestiena da. Ordainketa jokalarien abokatuen eta Margarita Garay Bahia Internacional atezainaren ordezkari-agentziako zuzendari nagusiaren bitartez egin da.

Eguerdian, Futbol Liga Profesionalak Athletici egiaztatu dio Kepa Arrizabalagak gure klubarekin lotzen zuen aldebakarreko kontratu deuseztapena gauzatzeko gaur egungo arautegiak eskatzen dituen betebeharrak bete dituela.

Behin Chelseak 80 milioiko ordainketa eginda, Kepa arratsaldean iritsiko omen da Londresera, eta ostegunean hasiko da bere talde berriarekin entrenatzen, Maurizio Sarriren esanetara.

Ingalaterran, ostegun arratsaldean, 18:00etan, ixten da fitxaketak egiteko epea. Thibaut Courtois Chelseatik irtengo da Real Madrilera joateko. Keparen irteerak Iago Herrerin Athleticen geratzea eragin du. Leganesek nahi zuen, baina Herrerin talde zuri-gorrian geratuko da azkenean.

Athleticen oharra:

Athletic Clubek Kepa Arrizabalaga jokalariari gurean egon den denboraldi guztietan bere ardura eskertu gura dio. Zentzu honetan Athletic Clubek lanean segituko du bere lehen taldeko partaide izatea jokalari guztien xederik handiena izaten jarraitzeko, arlo pertsonalean zein profesionalean, proiektu eta kirol filosofa berezi baten ordezkariak diren heinean.

Gure etorkizuna iraganean libreki hartutako aukeran datza, harrotasunari loturik dagoena. Ideia honekin ehunka jokalarik bat egin dute, gure lehen taldea aukera eta jomuga bihurtuz, bai euren kirol ibilbidean Athleticen nahita mantendu direnak, baita klubeko partaide izateari utzi diotenak, uneko kirol erabakiak direla eta. Azken finean, jokalariak benetako konpromiso pertsonal eta kolektibo baten protagonistak dira, eta Athletic osatzen dugunoi bat egitea baino ez zaigu geratzen.