Athletic Club
La Rosaledan
Malaga-Athletic (1-1): Azken minutuan lortutako urrezko puntua
Josu Bilbao
Erredakzioa
Zuri-gorriek norgehiagokaren 93. minutuan lortu dute partida berdinztea Javi Martinezen burukadari esker. Andaluziarren gola Demichelisek egin du bigarren zatiko 79. minutuan.
Athleticek 93. minutuan lortu du berdinketaren gola, Javi Martinezen burukada bati esker. Honela Bilboko taldeak puntu garrantzitsua atera du Malagatik, azken unera arte norgehiagoka galduta egon baita. Demichelisek 79. minutuan lortu du 1-0ekoa burukada eder batekin, baina luzapen denboran Javi Martinezen burukadak erabakita utzi du emaitza. Ekizak debuta egin du lehen taldearekin eta norgehiagoka txukuna eta sendoa egin du.
Zuri-gorriek ondo hasi dute norgehiagoka baloiaren jabetza mantendu dutelako eta lerroak nahiko aurreratu dituztelako. Orbaizek eta Iturraspek lasaitasuna eman diote taldeari erasoan, jokaldiak atzetik sortuz eta aurkaria goian sakatuz. Iturraspek partidako lehen aukera izan du 10. minutuan, baina bere zartakoa Asenjoren eskuetara joan da. Malaga zelaian agintzen hasi da apurka eta kontraerasoak bilatu dituzte Apoño eta Duda hegaletan zeudelarik.
Lehen zatiko 24. minutuan etxeko taldeak abagune argia izan du Gorka Iraizozen akats baten ondorioz, baina Apoñoren zartakoa langa gainetik joan da desbideratuta. Bilboko taldeak erantzuna eman du 31. minutuan kanpora joan den Javi Martinezen ezkerkada batekin. Lehen zatiko azken minutuetan Pellegriniren mutilek asko sakatu dute erasoan eta Apoñok 40. minutuan aukera ederra izan du 1-0ekoa jartzeko. Hala ere zuri-urdinaren zartakoa Iraizozek kornerrera desbideratzea lortu du geldiketa on batekin. Atsedenaldian, emaitzak zelaian gertatutakoa ondo erakustsi du 0-0 berdinketarekin.
Bigarren zatian Caparrosen mutilak sakatzera irten dira eta Muniainek aukera paregabea izan du hasierako minutuetan 0-1ekoa lortzekoa. Hala ere, bere jaurtiketa Asenjok ederki desbideratu du geldiketa ikusgarri batekin. Utrerako entrenatzaileak De Marcos eta Gabilondo zelairatu ditu Orbaiz eta Iturrasperen ordez eta taldea erasora joan da. Andaluziarrek aukera ona izan dute 71. minutuan, baina Condonen zartakoa kanpora joan da zuzenean.
Pellegriniren mutilek abagune garbiak egin dituzte bigarren zatian eta bizkaitarrek asko sufritu dituzte estrategiazko jokaldiak. Norgehiagokaren 79. minutuan Demichelisek 1-0ekoa lortu du burukada eder batekin. Argentinarrak bakarrik errematatu du lehen zutoinean Dudaren erdiraketa eta Malaga aurretik jarri du markagailuan. Abantailarekin etxekoak erosoago egon dira zelaian eta zuri-gorriek ezin izan dituzte aukera garbiak sortu. Hala ere, miraria 93. minutuan etorri da, Gabilondoren falta erdiraketa ederki errematatu duelako Javi Martinezek buruarekin sare barrura 1-1ekoa jarriz. Iraizoz ere errematatzera joan da partidazko azken jokaldian, baina Aiegiko erdilariak Portu du burukada. Azkenean bilbotarrek urrezko puntua atera dute La Rosaledatik.
- Fitxa teknikoa:
1 - Malaga CF: Asenjo; Manolo, Weligton, Demichelis, Mtiliga; Duda (Fernando, m.83), Camacho, Apoño, Quincy (Fernandez, m.73); Maresca (Recio, m.56) eta Rondon.
1 - Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; David Lopez, Orbaiz (Igor Martinez, m.83), Javi Martinez, Iturraspe (De Marcos, m.61); Muniain (Gabilondo, m.70) eta Llorente.
Golak: 1-0, M. 80: Demichelis. 1-1, M. 93: Javi Martinez.