Athletic Club
Spartaken partidako istiluak
2.000 sarrera saltzeko debekua jarri dio UEFAk Athletici istiluengatik
eitb.eus
Aldi berean UEFAk Athletici 40.000 euroko isuna ezartzea erabaki du. Talde zuri-gorriak jakinarazi du zigorraren aurkako helegitea ipiniko duela UEFAren aurrean.
UEFAk astearte honetan jakitera eman duenaren arabera, 40.000 euroko isuna ezarri dio Athletici. Horrez gain, talde zuri-gorriaren zelaiaren edukieran 2.000 jesarleku kentzea erabaki du bilbotarrek europar lehiaketetan jokatuko duen etxeko hurrengo norgehiagokan.
Athletic eta Moskuko Spartaken artean jokatu zen partidaren aurretik San Mames inguruan gertatu ziren istilu larriak direla-eta jaso du Athleticek zigor hori. Aipatu norgehiagoka 2018ko otsailaren 22an jokatu zen, eta Europa Ligako final-hamaseirenetako itzulikoari zegokion.
Duela hilabete inguru istilu horiei buruzko txosten-zigorgile bat ireki zuen UEFAk, bertan honako hauek leporatzen zizkion Athletici: antolakuntza eskasa, bengalak piztea, publikoen arteko liskarrak eta objektuen jaurtiketa. Gertakari horiek guztiek diziplina-araudiaren 16. artikulua hausten dute.
Bere aldetik, talde zuri-gorriak ohar baten bidez azaldu duenez, UEFAk jarritako zigorraren aurkako helegitea aurkeztuko du.
Athletic zigortzeaz gain, UEFAk Moskuko Spartak ere zigortu du. 55.000 euroko isuna ezarri dio talde errusiarrari; halaber, ezin izango die bere zaleei sarrerarik saldu bisitari gisa jokatuko dituen UEFAko lehiaketei dagozkien hurrengo hiru partidatan.