Itxi

Athletic Club

PUBLIKO GUTXIAGO

San Mamesera doan ikusle kopurua % 9 jaitsi da Ligan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Batez beste 3.699 zale gutxiago bildu dira Athleticen zelaian partida bakoitzean.

  • San Mames. Argazkia: EFE

    San Mames. Argazkia: EFE

Athleticek San Mamesen jokatu dituen partidak ikustera bertaratu den ikusleen zenbatekoak behera egin du aurtengo denboraldian aurrekoarekin alderatuta, Ligari dagozkion norgehiagoketan. Jaitsiera hori % 9,02koa izan da, hau da, 3.699 ikusle gutxiago partida bakoitzean, batez beste.

Futbol Profesionaleko Ligak ezagutzera eman dituen datuen arabera, 2016/2017 denboraldiko Liga txapelketako 19 neurketetan 779.263 lagun joan ziren 'Katedral'era (41.014 partida bakoitzeko); aurtengo denboraldian, ordea, kopuru hori 708.989koa izan da (37.315 partida bakoitzeko).

Aipatu zifra hori are gehiago jaitsi da (36.632 ikusle partidako), baldin eta Athleticek aurten etxean jokatu dituen norgehiagoka guztiak (27) kontuan hartzen badira (Ligako 19, Europa Ligako 7 eta Errege Kopako 1). Denetara, 989.078 lagun batu dira aipatu 27 neurketa horiek guztiak aintzat izanda.

Aurtengo lehiarik jendetsuena abenduaren 12an Realaren aurka jokatutako derbia izan zen (45.504 ikusle); sarrerarik okerrena, berriz, apirilaren 23an, Levanteren kontra (24.749). Are zale gutxiago bildu ziren Errege Kopan Formenteraren aurkako partidan (14.294).

Horrez gain, denboraldi honetan sei aldiz besterik ez da gainditu 40.000 ikusleren kopurua, azkena Alavesen aurka urtarrilaren 7an. Aurreko denboraldian 12 alditan gertatu zen egoera hori.