Itxi

Athletic Club

0-1

Athleticek porrotarekin eta joko kaskarra eskainita agurtu du denboraldia

eitb.eus

Talde zuri-gorriak 0-1 galdu du Espanyolen aurka San Mamesen eta zaleen txistuak entzun behar izan dituzte jokalariek, eskaini duten maila txarragatik. Zigandaren azken partida izan da.

  • Athletic-Espanyol. Argazkia: EFE

    Muniain, Athletic-Espanyol (0-1) partidan. Argazkia: EFE

Athleticek 0-1 galdu du Espanyolen aurka San Mamesen, Ligako azken jardunaldiko partida eta agur esan dio 2017-2018. denboraldiari, zaleen txistuen artean. Jose Angel Zigandaren azken partida ofiziala izan da Athleticeko entrenatzaile karguan.

Egin duen denboraldi kaskarrarekin eta bere zaleen aurrean denboraldiko azken partida jokatu arren, talde zuri-gorriak ez dio ondo ekin neurketari eta 9. minutuan Espanyolek aurrea hartu du; korner baten David Lopezek 0-1ekoa sartu du, Athleticeko defentsek emandako erraztasunez baliatuta. Gola hartu ostean saiatu da Athletic berdinketa lortzen, baina kosta egin zaio abaguneak sortzea. Adurizek izan du gola sartzeko aukera argiena, baina bere errematea kanpora joan da, eta Diego Lopez atezainak erantzun bikaina eman dio Muniainen jaurtiketa bati. Espanyolek izan du lehen zatiko azken abagunea, baina Gerard Morenoren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik.

Bigarren zatiaren hasieran Athletic izan da baloiaren jabe, baina Zigandak zuzentzen duen taldeak ez du sakontasunik izan eta abagune onenak Espanyolek izan ditu. Kepa atezainak perikitoen gola eragotzi du 58. minutuan Sergio Garciaren errematea desbideratuta eta Sergio Garciak berak, gutxigatik kanpora bidali du beste jaurtiketa bat. Athleticen erantzuna ez da etorri 75. minutura arte; Lekuek jokadli ona egin du, eta bere erremateak ez du aurkariaren atea aurkitu. Sei minutu beranduago, Kepa Arrizabalaga atezainak perikitoen gola eragotzi du, Melendok egin duen jaurtiketari erantzun ezin hobea emanda. Azken minutuetan Athletic ez da gai izan abaguneak sortzeko eta Espanyolek eraman du garapena (0-1).

Fitxa eknikoa:

0 - Athletic: Kepa; Unai Nuñez, Yeray, Etxeita (Cordoba, m.62); De Marcos, Beñat, Vesga (Iturraspe, m.58), Lekue; Williams (Sabin Merino, m.72), Muniain, Aduriz.

0 - Espanyol: Diego Lopez; Javi Lopez, David Lopez, Naldo, Didac Vila (Aaron, m.55); Leo Baptistao (Sergi Darder, m.83), Marc Roca, Victor Sanchez, Piatti (Melendo, m.63); Sergio Garcia eta Gerard Moreno.

Gola: 0-1, m.9: David Lopez.

Epailea: Fernandez Borbalan. Txartel horia atera dio Javi Lopezi (m.81).