Athletic Club
Europa Liga
UEFAk espedientea ireki du Athletic-Spartak partidako istiluengatik
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Honako hauek leporatzen dizkio Athletici: antolakuntza eskasa, bengalak piztea, publikoen arteko liskarrak eta objektuen jaurtiketa.
-
Athletic-Spartak partidaren aurretik izan ziren istiluak. Argazkia: EFE
UEFAk diziplina-espedientea abiatu du otsailaren 22an jokatu zen Athletic eta Spartak Mosku taldeen arteko norgehiagokan gertatu ziren istiluak direla-eta. Partida aurretik izandako liskarretan, Ertzain bat ondoezik sentitu zen, eta ospitalean hil zen bihotzekoak jota.
Ostiral honetan baieztatu duten diziplina-prozeduraren arabera, UEFAk honako hauek leporatzen dizkio Athletici: antolakuntza eskasa, bengalak piztea, publikoen arteko liskarrak eta objektuen jaurtiketa. Gertakari horiek guztiek diziplina-araudiaren 16. artikulua hausten dute.
Talde errusiarraren aurkako karguak ere antzekoak dira: bengalak piztea, publikoen arteko liskarrak eta objektuen jaurtiketa.
Ostiral honetan jakitera eman den espedientea gertakari horien harira UEFAk martxan jarri zuen ikerketaren ondorioa da.
Europa Ligako final-hamaseirenei zegokion partida hori hasi aurretik, talde bateko zein besteko jarraitzaileek istilu larriak izan zituzten San Mames zelai inguruetan.