Itxi

Athletic Club

1-1

Athletici garaipenak ihes egin dio luzapenean Celtaren aurka

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak bana (1-1) berdindu du San Mamesen. Unai Nuñezek sartu du Athleticen gola 55. minutuan, baina Mendezek berdindu du neurketa 91. minutuan.

  • Iñaki Williams. Argazkia: EFE

    Williams, Athletic-Celta partidan. Argazkia: EFE

Athleticek bana berdindu du Celtaren aurka (1-1) San Mamesen, Ligako 30. jardunaldiko partida. Zuri-gorriak aurkaria baino gehiago izan dira, eta hobeto jokatu dute, baina Galiziako taldeak luzapenean sartutako golak lapurtu dio garaipena talde bizkaitarrari.

Celta izan da baloiaren jabe lehen minutuetan, baina Galiziako taldeak ez du abagune argirik sortu. Athletici kosta egin zaio partidan sartzea, baina lehen abagunea zuri-gorriek izan dute; De Marcosek erdiratu eta Williams ez da gutxigatik iritsi errematea egitera. Ia jarraian, 9. minutuan, Williamsek pasea eman dio Raul Garciari eta honen errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Lehen bi abaguneen ostean, Athletic nagusi izan da, eta lehen zatiko azken txanpara arte aukerak sortzea kosta egin zaion arren, talde zuri-gorriak kontrolpean izan du partida. Epaileak ez du Williamsi egindako penaltia adierazi 32. minutuan eta txartel horia atera dio Athleticeko aurrelariari. Bi minutu beranduago, Williamsek berak, kanpora bidali du buruz egin duen errematea. Atsedenaldira iritsi aurretik Raul Garciak izan du gola sartzeko aukera argia, baina jaurtiketa gehiegi gurutzatu du.

Bigarren zatiari ere ondo ekin dio Athleticek. Baloi jabetza izan du Zigandak zuzentzen duen taldeak eta abagune argiak sortzea kosta zaion arren, merezitako gola sartu du 55. minutuan; korner batean, Raul Garciaren erremateak langa jo eta Unai Nuñezek sare barrura bultzatu du baloia (1-0). Bost minutu beranduago, Williamsek jokaldi ona egin du, baina bere paseak ez du errematatzailerik aurkitu. Partidako 66. minutuan, epaileak ez du adierazi Sergi Gomezek  Williamsi egin dion penalti bat, eta 68. minutuan Kepa Arrizabalaga atezainak Celtaren gola eragotzi du, Iñigo Martinezek bere aterantz bidali duen baloia desbideratuta. Celtak ezer gutxi egin du erasoan partida osoan zehar, baina gola sartzetik gertu egon da 77. minutuan, zutoina urratuta kanpora joan den Maxi Gomezen erremate baten bitartez. Hurrengo jokaldian Beñatek eduki du abagunea, baina Igorrekoaren jaurtiketa defentsa batek desbideratu du kornerrera. Azken txanpan erasora jo du Celtak eta 91. minutuan neurketa berdindu du Brais Mendezek sartutako gol bati esker (1-1); kale egin dute zuri-gorriek defentsan eta Celtak ez du barkatu. Gainera, 92. minutuan, Kepa Arrizabalagak erantzun bikaina eman dio Hugo Malloren jaurtiketari eta Celtaren garaipena eragotzi du.

Fitxa teknikoa:

1 - Athletic: Kepa; De Marcos, Unai Núñez, Iñigo Martinez, Balenziaga (Lekue, m.81); Susaeta, Iturraspe, San Jose, Cordoba (Aduriz, m.71); Raul Garcia (Beñat, m.79) eta Williams.

1 - Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo, Cabral, Sergi Gomez, Jonny; Wass (Pablo Hernandez, m.63), Lobotka, Radoja (Brais Mendez, m.73); Iago Aspas, Lucas Boye (Pione Sisto, m.63) eta Maxi Gomez.

Golak: 1-0, m.55: Unai Nuñez. 1-1, m.91: Brais Mendez.

Epailea: Del Cerro Grande.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Futbola