Itxi

Athletic Club

Mourinho zigortuta dago

Aitor Karankak Real Madril zuzenduko du Bernabeun Athleticen aurka

Andoni Beldarrain

Erredakzioa

Bi taldeetako jokalari ohia arduratuko da talde madrildarra zuzentzeaz larunbat honetan Mourinho zigortuta baitago.

Aitor Karanka Real Madrileko eta Athleticeko jokalari ohia eseriko da larunbat honetan Santiago Bernabeuko aulkian madrildarrek Athleticen aurka duten partidan. Real madril zuzenduko du eta debuta egingo du Santiago Bernabeun Real madrileko entrenatzaile moduan. Karanka talde madrildarreko bigarren entrenatzailea da eta Jose Mourinhorekin batera ari da lanean. Entrenatzaile portugaldarra, ordea, zigortuta dago. Errege Kopan Murtziaren aurka egotzi egin zuten eta bi partidako zigorra ezarri zioten Mourinhori. Sportingen aurka ez zen aulkian egon Mourinho eta Athleticen aurka ere ezingo da Bernabeuko aulkian eseri.

Aitor Karanka Athleticeko harrobiko jokalaria izan zen. 1993an egin zuen debuta Athleticeko lehen taldearekin eta lau urte eman zituen talde zuri-gorrian. 1997an Real Madrilek fitxatu zuen eta bertan palmares polita lortu zuen Karankak. Espainiako Liga bat (2000-2001), Espainiako bi Superkopa (1997an eta 2001ean), hiru Txapeldunen Liga (97-98, 99-00 eta 2001-2002 denboraldietan) eta Kontinente arteko Kopa (1998an) irabazi zituen talde madildarrarekin. Ondoren, 2002an Athleticera itzuli zen eta bertan lau denboraldi eman zituen. 2006an Colorado Rapids Amerikako Estatu Batuetako taldera joan zen eta bertan denboraldi bat jokatu ondoren 2007an futbolari profesionala izateari utzi zion.