Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athletic sailkatu egin da, nahiz eta galdu egin duen etxean (1-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek hurrengo kanporaketarako txartela lortu dute, eta final-zortzirenak jokatuko dituzte. Partidaren aurretik ertzain bat hil da, San Mames inguruan izan diren istiluetan.

  • Etxeitak lortu du etxekoen gola. Argazkia: EFE

    Etxeitak lortu du etxekoen gola. Argazkia: EFE

Athleticek berretsi egin du bere Europa Ligako final-zortzirenak jokatzeko sailkapena, nahiz eta galdu egin duen etxean (1-2) Spartaken aurka. Partidaren aurretik ertzain bat hil da, San Mames inguruan izan diren istiluetan.

Jose Angel Zigandaren mutilek 1-3ko abantaila lortu zuten duela zazpi egun Moskun, baina sailkapena arriskuan izan dute lehia bukatzeko bost minuturen faltan errusiarrek bigarren gola egin dutenean. Spartaken balizko hirugarren gol batek luzapena ekarri izango zukeen, baina zorionez ez da heldu, eta zale zuri-gorriek txapelketa honi helduta jarraituko dute, Ligan denboraldi kaskarra egiten ari baitira eta Kopatik uste baino lehen atera baitziren.

Etxeitak sailkapena berretsi du

Nahiz eta Athleticen entrenatzaileak Aduriz aulkitxoan utzi duen, zuri-gorriak agintzen hasi dira neurketa, zain zegoen Spartaken aurrean.

Errusiarrak, ordea, pixkanaka partidara egokitzen joan dira, eta arrisku handirik sortu ez duten urrutiko jaurtiketa zenbaiten egin dituzte.

Aitzitik, partida atsedenaldira hutsean iritsiko dela zirudienean, errusiarrak aurretik jarri dira markagailuan, eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean. Baloia Luiz Adrianoren burura iritsi da, eta brasildarrak ondo bihurritu du burua erremate ona egin eta Herrerinen ahalegina gainditzeko.

Kanporaketa arriskuan egon zitekeela ikustean etorri dira etxekoen minuturik eta aukerarik onenak. Horietako batean, Saboritek ezker hegaletik egindako jokaldian, baloia penalti puntura heldu da, eta inguruan zegoen Etxeitak burukada indartsua eman dio baloiari, zeinaren aurrean atezain errusiarrak ezin izan duen ezer egin.

Gol horrekin bazirudien kanporaketa guztiz erabakita zegoela, baina errusiarrek ez dute amore eman, eta azken txanpan beldur puntua eragin dute harmailetan, Melgarejoren bitartez  lortu duten bigarren golarekin.

Alabaina, gol hori ez da nahikoa izan luzapena behartzeko, eta, horrenbestez, Zigandarenak aurrera egin dute txapelketan

Fitxa teknikoa:

Athletic Club 1: Iago Herrerín; Lekue, Yeray, Etxeita, Saborit; De Marcos, Iturraspe, Mikel Rico (San José, 53. min), Susaeta; Raúl García (Aduriz, 84. min) eta Williams (Córdoba, 92. min).

Spartak Mosku 2: Selikhov; Eschenko, Tasci (Kutepov, 11. min), Bocchetti, Kombarov; Pasalic (Melgarejo, 70. min), Glushakov; Zobnin, Hanni (Ze Luis, 59. min), Promes; eta Luiz Adriano.

Golak: 0-1, 44. min: Luiz Adriano. 1-1, 57. min: Etxeita. 1-2, 85. min: Melgarejo.

Epailea: Tobias Stieler (Alemania). Txartel horiak: San Jose, Aduriz (Athletic) eta Bocchetti Eschenko, Glushakov (Spartak).