Itxi

Athletic Club

2-0

Athleticek porrota jaso du Atletico Madrilen aurka

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak 2-0 galdu du Wanda Metropolitano zelaian. Neurketan zehar defentsako lan oso ona egin ostean, Iturraspek eta San Josek egindako huts larri batek eragin du Athleticen porrota.

  • Atletico Madril-Athletic. Argazkia: EFE

    Atletico Madril-Athletic (2-0). Argazkia: EFE

Athleticek 2-0 galdu du Atletico Madrilen aurka Wanda Metropolitano zelaian. Defentsako lan bikaina egin dute zuri-gorriek, baina bigarren zatian egindako hutsek eragin dute talde bizkaitarraren porrota.

Lehen zatian Atletico Madril izan da nagusi eta baloiaren jabe. Gainera, talde koltxoneroak izan ditu abagune onenak, baina Athletic sendo mantendu da defentsako lanean. Erritmo bizia ezarri dio neurketari etxeko taldeak eta 12. minutuan aurrea hartzeko abagune argia izan du; Gimenezen errematea, ordea, oso gutxigatik kanpora joan da. Athletic ezinean ibili da jokoa sortzerakoan eta ez dio Atletico Madrili arazo asko sortu. Koltxoneroek erasora jotzen jarraitu dute, baina aukerarik sortu gabe. Lehen zatiko azken minutuetan hobeto egon da Athletic eta pare bat abagune sortu ditu; Williams ez da gutxigatik errematera iritsi Beñatek ateratako falta on baten ostean eta San Josek area kanpotik egin duen jaurtiketa langa gainetik kanpora joan da.

Bigarren zatian ez da aldatu partidaren gidoia. Atletico Madril nagusi izan da, abaguneak eskasak bi taldeen aldetik, eta joko gutxi. Diego Costak gora bidali duen erremate batekin eman du lehen abisua Atleticok, baina Athletic ez da sufritzen ibili atzealdean. Erasoan, hori bai, ezer ez du egin Zigandak zuzentzen duen taldeak. Neurketako 67. minutuan, ordea, San Josek eta Iturraspek kale egin dute zelai erdian, lokartu egin dira, Atleticok baloia berreskuratu, Griezmannek pasea eman dio Gameirori, eta honek 1-0ekoa sartu du. Ordura arte egindako defentsako lan ona pikutara bidali du Athleticek San Joseren eta Iturrasperen kontzentrazio faltagatik.  Iturraspek oso denbora gutxi zeraman zelaian Beñat ordezkatu baitu. Gola hartu ostean Athleticek ez du hobetu. Zigandak zuzentzen duen taldea ez da gai izan abagune bakar bat sortzeko eta Atletico Madrilek izan duen hurrengo abagunean, partida erabakita utzi du Diego Costak (2-0). Bigarren golak lur jota utzi du Athletic eta hiru puntuak Atletico Madrilek eraman ditu.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Oblak; Vrsaljko, Gimenez, Lucas (Godin, m. 46), Filipe; Correa (Gabi, m. 68), Thomas, Saul, Koke (Gameiro, m. 59); Griezmann eta Diego Costa.

0 - Athletic Club: Kepa; Lekue, Iñigo Martínez, Nuñez, Saborit; San Jose; Susaeta, Beñat (Iturraspe, m. 64), Vesga (Cordoba, m. 71), Sabin Merino; eta Williams.

Golak: 1-0, m. 67: Gameiro. 2-0, m.79: Diego Costa.

Epailea: Gonzalez Gonzalez.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic