Itxi

Athletic Club

2-0

Athleticek garesti ordaindu du Zigandaren esperimentua Gironan

Erredakzioa

Zuri-gorriek 2-0 galdu dute, oso itxura txarra emanda. Hiru erdiko defentsarekin jokatu du, eta planteamendua gaizki atera zaio entrenatzaileari. Stuanik sartu ditu partidako bi golak.

  • Girona-Athletic. Argazkia: EFE

    Girona-Athletic partidako irudia. Argazkia: EFE

Athleticek 2-0 galdu du Gironaren aurka Montilivin oso itxura kaskarra emanda, eta porrotik jaso gabeko 10 partidako boladari agur esan dio. Egia da 10 neurketa horietatik, 3 bakarrik irabazi zituela Athleticek.

Zuri-gorriek lehen zati oso kaskarra jokatu dute. Ziganda entrenatzaileak sistema aldatu eta Susaeta eta Aduriz bezalako jokalariak aulkian utzi ditu. Bost jokalarik osatutako defentsa atera du, Iñigo Martinez, Yeray, Nuñez, Lekue eta Andoni Lopez jokalariekin eta esperimentua garesti ordaindu du. Zelai erdian ere Iturraspek, Ricok eta Beñatek ez dituzte lau pase jarraian eman. Raul Garcia galduta ibili da, eta Williamsek arriskua pare bat aldiz bakarrik sortu du.

Aurkariari itxarotera atera da Athletic Montilivin eta Girona izan da baloiaren jabe hasieratik. Azkar jarri zaie neurketa maldan gora zuri-gorriei; 6. minutuan Lekuek baloia gaizki aldendu du, Gironako jokalari batek erdiratu, eta Andoni Lopezek penalti inozoa egin dio Maffeori, area barruan bultzakada emanda. Stuanik jaurti du penaltia eta 1-0ekoa sartu du. Gola hartu ostean, Athleticek ez du erreakzionatu, gainera, txarrera egin du zuri-gorrien jokoak. Williamsek area kanpotik egin duen jaurtiketa bat izan da Athleticek lehen minutuetan izan duen abagune bakarra. Girona jaun eta jabe izan da, eta bigarren golaren bila jo du: Stuaniren errematea gutxigatik kanpora joan da 19. minutuan eta 37.ean Maffeoren jaurtiketa bikainak langa jo du. Atsedenaldira iritsi orduko izan ditu Athleticek pare bat abagune. Beñatek aurkari bi atzean utzi, pase ona eman dio Williamsi eta honek kanpora bidali du jaurtiketa, gehiegi gurutzatuta. Ia jarraian, Iñigo Martinezek txilenaz egin duen erremateak langa jo eta kanpora joan da.

Bigarren zatian erasokorrago zelairatu da Athletic, baina ez du abagunerik sortu. Gironak ere ez dizkio arazoak sortu Athletici lehen minutuetan. Zigandak Susaeta eta Aduriz zelairatu ditu, baina berandu eta alferrik. Neurketako 65. minutuan Portuk jokaldi ona egin, erdiratu, eta Stuanik 2-0ekoa sartu du, Athleticeko defentsen markaketa txarraz baliatuta.

Gironaren bigarren golak erabakita utzi du neurketa. Athletic saiatu da aldeak murrizten, baina taldeak argi utzi du ez dakiela zertara jokatzen duen, eta ez dela gai aurkako emaitzei buelta emateko. Gironak beste gol bat sartzeko aukera izan du falta jaurtiketa baten bitartez, baina Herrerinek gola eragotzi du, baloia desbideratuta. Kataluniako taldeak erraz kontrolatu du neurketa eta garaipen erosoa lortu du (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 - Girona: Bono; Pablo Maffeo, Jonas Ramalho, Bernardo Espinosa, Juanpe, Johan Mojica; Pere Pons, Alex Granell, Borja Garcia (David Timor, m.83), Portu (Aleix Garcia m.89); eta Cristhian Stuani (Michael Olunga, m.80).

0 - Athletic Club: Iago Herrerin; Iñigo Lekue, Yeray Alvarez, Unai Nuñez (Aritz Aduriz, m.61), Iñigo Martinez, Andoni Lopez; Beñat Etxebarria (Markel Susaeta, m.61), Mikel Rico, Ander Iturraspe; Raul Garcia eta Iñaki Williams.

Golak: 1-0, m.6: Cristhian Stuani (p).  2-0, m.64: Cristhian Stuani.

Epailea: Jose Luis Munuera Montero.

unuera Montero.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic