Itxi

Athletic Club

Final-hamaseirenak, joanekoa

Alcorcon-Athletic (Kopa): Aurrerapausoa Gurpeguiren golari esker, 0-1

Sara Lavado

Erredakzioa

Distirarik gabeko partida izan da, baina nafarrak sartutako gol bikainak final-zortzirenetara hurbildu du Bilboko taldea.

Athleticek Alcorcon gainditu du Errege Kopako final-hamaseirenetako joaneko partidan (0-1) eta aurrerapausoa eman du hurrengo kanporaketarako txartela lortzeko bidean. Partida kaskarra izan da, baina Gurpegiren golari esker garaipena batu dute bilbotarrek.

Gaizki jokatu dute zuri-gorriek lehen zatian. Errazegi eman diote baloia aurkariari eta erasoan ideiarik gabe aritu dira. Caparrosenak ez dira Alcorcon mendean hartzeko gai izan.

Aukerarik onena Carlos Gurpeguirentzat izan da, 25. minutuan. Nafarrak buruz errematatu du eta Anuarbek atepean aldaratu du baloia. Llorente ere saiatu da, baina ez du asmatu. Juan Antonio Anquelaren gizonek beldurrik gabe egin diote aurre Athletici eta lehen zati borobila atera zaie.

Bigarren zatian indartsuago zelairatu dira bizkaitarrak eta Carlos Gurpeguik markagailua estreinatu du 54. minutuan areatik kanpo egindako jaurtiketa bikainari esker (0-1).

Golak lasaitasuna eman dio Athletici eta aurkariari nagusitzen hasi da. Baina etxekoek ez dute amore eman eta abaguneak izan dituzte. Llorentek partida erabakita uzteko aukera izan du 82.ean eta 88.ean Quiniri egindako penaltia eskatu dute Santo Domingon. Epaileak ez du ezer adierazi.

Emaitza ona da bi aste barru San Mamesen jokatuko den itzuliko neurketari begira.

Fitxa teknikoa:

0 - Alcorcon: Raul Moreno, Alberdi, Babin, Rueda, Bermudez, Anuarbe, Sergio Mora, Montañes (60'', Fernando Sales), Jeremy (60'', Carlos Martinez), David Sanz eta Borja (76'', Quini).

1 - Athletic Club: Iraizoz, Iraola, Ustaritz, San Jose, Gabilondo, Susaeta (81'', De Marcos), Gurpegui, Javi Martinez (84'', Orbaiz), Castillo, Toquero (87'', Aurtenetxe) eta Llorente.

Gola:

0-1: 55'' Gurpegui.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en