Itxi

Athletic Club

Europa Liga

Athleticek bizirik jarraitzen du oraindik Europan Adurizen gol bati esker

Agentziak | Erredakzioa

Zuri-gorriek denboraldiko lehen garaipena lortu dute Europa Ligan, Ostersund talde suediarrari irabazita. Hertha Berlinek Zoryaren aurka garaipena lortu izanak ere mesede egin die zuri-gorriei.

  • Aduriz, partidako golegilea. Argazkia: Efe.

    Aduriz, partidako golegilea. Argazkia: Efe.

Athleticek bizirik jarraitzen du Europan, San Mamesen Ostersund talde suediarrari irabazi ostean Aritz Adurizen gol bati esker. Lehoiek partida txukuna egin dute, baina erritmo aldetik nahiko motel aritu dira.

Kuko Zigandaren jokalariei izugarri kostatu zaie Ostersund menderatzea, nahiz eta garaipena merezitakoa izan. Jokoa kontrolpean izan dute, Keitaren areara sarritan iritsi dira (16 korner atera dituzte) baina gutxitan sortu dute arriskua.

Garaipenaren gola 70. minutuan egin dute bilbotarrek. Raúl Garciaren erremateak langa jo du, Williamsek Lekueren baloia errematatzerakoan huts egin ostean, baloia Adurizi iritsi zaio, eta honek, buruz, suediarren atearen barruan sartu du.

Aurrelari donostiarrak Athleticekin Europan egiten duen 24. gola izan da, eta aurtengo denboraldiko bederatzigarrena; horietariko bost, Europan.

Emaitza horri esker, Athleticek C multzoko hirugarren postuan jarraitzen du, bost punturekin. Liderra, Ostersund, bi puntura dauka, eta bigarrena, Zorya, puntu bakar batera. Ukrainarrek galdu egin dute Hertha Berlinen aurka, eta Alemaniako taldea azkena da multzo horren sailkapenean, 4 punturekin.

Fitxa teknikoa

1 - Athletic: Iago Herrerín; Lekue, Unai Núñez, Laporte, Balenziaga; Iturraspe, San José (Susaeta, 62. min); Williams (Mikel Rico, 72. min), Raúl García (Aketxe, 88. min), Córdoba; eta Aduriz.

0 - Östersund: Keita; Mukiibi, Papagiannopoulos, Pettersson; Edwards, Bachirou, Nouri (Aiesh, 79. min), Widgren (Somi, 79. min); Sema, Gero (Hopcutt, 74. min) eta Ghoddos.

Golak: 1-0, 70. min: Aduriz.