Itxi

Athletic Club

Berandu iritsi da gola

Valentzia-Athletic (2-1): Zuri-gorrien partida eroa

Sara Lavado

Erredakzioa

Bilbotarrek lehen zati negargarria egin zuten eta bigarrenean banakakoa sartzeko aukera ugari sortu zituzten. 91.ean partida erabakita utzi zuen Vicentek eta 92.ean 2-1ekoa sartu zuen Gabilondok.

Athleticek porrota jaso zuen Valentziaren aurka Mestallan jokatutako partidan (2-1). Bi aurpegi oso ezberdin erakutsi zituzten bizkaitarrek eta bigarren zatian hobetu zuten arren, esku hutsik itzuliko dira.

Bikain zelairatu zen Valentzia, erabateko nagusitasuna erakutsiz, joko ezin hobea eskainiz. 10. minutuan markagailua estreinatu zuten Emeryren gizonek. Soldadoden jokaldi polita area barnean, erdiratu eta Aritz Adurizek buruz sartu zuen gola (1-0).

Aukera ugari sortu zituen etxeko taldeak, etengabe. Bestalde, Athletic, indargabe, konponbide bat aurkitu ezinik. Valentziarrak ziren jaun eta jabe eta Aduriz, norgehiagokaren protagonista. Dena den, gol bakarreko errentarekin iritsi zen Valentzia atsedenaldira. Athleticek bizirik jarraitzen zuen.

Askoz hobeto hasi zuen Athleticek bigarren zatia, Caparrosen "errieta"k bere eragina izan zuen. Athleticen unerik gozoenean lesionatu zen Javi Martinez. Cesar atezainarekin tupus egin zuen nafarrak eta ezin izan zuen jarraitu.

Banakoa sartzeko aukerak sortu zituzten zuri-gorriek, baina 91.ean partida erabakita utzi zuen Vicentek ''Chori''ren pasea baliatuz. Minutu bat geroago 2-1ekoa sartu zuen Igor Gabilondok, baina berandu zen.

Fitxa teknikoa:

VALENTZIA: Cesar; Bruno, Ricardo Costa, Navarro, Mathieu; Pablo (Feghouli, 83'') Hernandez, Topal, Fernandes, Mata (Vicente, 64''); Aduriz eta Soldado (Dominguez, 75'').

ATHLETIC CLUB: Iraizoz; Iraola, San Jose, Aitor Ocio, Aurtenetxe; Gurpegi, Javi Martinez (Muniain, 68''), Orbaiz (Susaeta, 46''), Gabilondo; Igor Martinez (Toquero, 57'') eta Llorente.

Golak:

1-0, 10'', Aduriz.

2-0, 92'', Vicente.

2-1, 93'', Gabilondo.

Horrelakoa izan da partida eitb.com-en.