Itxi

Athletic Club

1-0

Athleticek denboraldiko lehen porrota jaso du Las Palmasen aurka

Erredakzioa

Zuri-gorriek 1-0 galdu dute Kanaria Handia zelaian, Remyk 88. minutuan sartutako gol baten ondorioz.

  • Las Palmas-Athletic. Argazkia: EFE

    Las Palmas-Athletic partidako irudia. Argazkia: EFE

Athleticek 1-0 galdu du Las Palmasen aurka Kanaria Handia zelaian, eta denboraldiko lehen porrota jaso du Jose Angel Zigandak zuzentzen duen taldeak. Horrez gain, lehen gola hartu du Ligan.

Lehen zatian, Las Palmas izan da baloiaren jabe, baina bi taldeetako batek ere ez du abagune askorik sortu. Talde kanariarrak izan du gola sartzeko lehen aukera; Kepa atezainak, ordea, Halilovicen jaurtiketa desbideratzea lortu du. Ondoren, 10. minutuan, Athleticek izan du aurretik jartzeko abagune argia, baina Williamsek kale egin du Chichizola atezainaren aurrean. Hurrengo minutuetan, Las Palmasek baloiaren jabetza izan du, eta Athleticek ez du asko sufritu defentsako lanean. Atsedenaldira iritsi orduko Chichizola atezainak Susaetaren gola eragotzi du, gelditu ona eginda.

Zuri-gorriek ondo ekin diote bigarren zatiari. Zigandak zuzentzen duen taldea nagusi izan da lehen minutuetan, eta Sabin Merinok huts egin du atezainaren aurrean bakarrik geratu denean. Lehia oso parekatua izan da hurrengo minutuetan, eta Las Palmas erasokorrago ibili bada ere, Athleticek izan du gola sartzeko aukera, 71. minutuan; Laporteren errematea, ostera, langa gainetik kanpora joan da. Etxeko taldea gola sartzeko zorian egon da 83. minutuan, baina Tannaneren jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik zutoina urratuta. Neurketako azken txanpan, erasora jo du Las Palmasek, eta Remyk 1-0ekoa sartu du 88. minutuan, jokaldi bikainari amaiera oso ona emanda.

Fitxa teknikoa:

1 - UD Las Palmas: Chichizola; Michel Macedo, Ximo Navarro, Lemos, Dani Castellano; Aquilani, Javi Castellano (Vicente Gomez, 84. min); Halilovic (Tannane, 37. min), Jonathan Viera, Vitolo (Rémy, 64. min); eta Calleri.

0 - Athletic Club: Kepa; Boveda, Unai Nuñez, Laporte, Saborit; Iturraspe (Beñat, 86. min), Vesga; Susaeta (Muniain, 63. min), Raul Garcia, Sabin Merino (Aduriz, 63. min); eta Williams.

Gola: 1-0, 87. min: Remy.

Epailea: Pablo Gonzalez Fuertes.