Itxi

Athletic Club

0-0

Athleticek puntu bat lortu du Berlinen, sufrituta

ERREDAKZIOA

Partidak bi alde oso desberdin izan ditu. Lehendabizikoan, zuri-gorriak nagusi izan dira; bigarrenean, berriz, Hertharen eraso etengabeak jasan behar izan dituzte.

  • Iñigo Lekue partidako une batean. Argazkia: EFE

    Iñigo Lekue partidako une batean. Argazkia: EFE

Athletic Club eta Hertha BSC taldeek puntu bana eskuratu dute golik gabeko norgehiagoka jokatuta, baina bi taldeek hiru puntuak poltsikoratzeko moduko aukerak izan dituzte; Athleticek, lehen zatian, Iker Munianen oinetan bereziki, eta Herthak, berriz, bigarrenean, Salomon Kalouren aukeren bidez.

Lehoiak Europa Ligako Multzoen Fasera sailkatu dira beste behin, aurreko kanporaketetan Dinamo Bukarest eta Panathinaikos atzean utzita. J multzoan daude, itxura guztien arabera, multzo errazenetakoa izan daitekeenean; haatik, lehen partida Berlingo Estadio Olinpikoan (Olympia Sstadion) jokatzea egokitu zaio, Hertharen etxean, lehiaketa honetako lehen fase honetan topatuko duen arerio zailenaren etxean, alegia.

Zigandaren mutilek kontrolpean izan dute jokoa partidaren hastapenean. Baloia eurena izan da, Iker Munianek bere taldea ondo gidatu du lehen partean, eta zuri-gorriak aurkariaren atera begira jarri ditu. Etxekoak ez dira ia iritsi Athleticen areara. Bi taldeek aukera urriak izan dituzte, eta hasi bezala joan dira aldageletara.

Alabaina, bigarren zatia erabat aldatu da, eta baloia izatetik alemanen hegaletako joko azkarra pairatzera pasatu dira bilbotarrak; izan ere, Salomon Kalouren abiadura azkarrak min asko egin die ezkerretik atzelari zuri-gorriei. Horrela, bigarren zatiko lehen 15 minutuetan, asko sufritu dute bisitariek, baina Iago Herrerinek bertan behera utzi ditu Hertharen abagune garbiak.

HERTHA ATHLETIC UEFA EFE 02

Athleticek Berlinen atera duen hamaikakoa, tartean Herrerin. Argazkia: EFE

Datuek horrela adierazi dute: lehen 45 minutuetan, etxekoak ez dute jaurtiketarik egin Athleticen atera; gero, ordea, bigarren zatiko lehen 20 minutuetan, lau aldiz jaurti dute hiru zutoinen artean. Bereziki garbia izan da minutu berean Ibisevicek eta Kalouk izan dituzten aukerak.

Estuasun handiko minutu horiek igarota, bi taldeek ontzak jo dute une horretan esku artean zuten puntua, eta gehiegi ez arriskatzea erabaki dute. Lehiako jokaldi polemikoa 80. minutuan heldu da, Aymeric Laportek egin duen balizko penalti batekin, baina Eslovakiako epaileak ez du ezer adierazi. Azkenean, puntu banaketa. Emaitza horrekin, Athleticek bost partida jarraian jokatu ditu golik jaso gabe.

Fitxa teknikoa:

0 - Hertha: Kraft; Pekarik, Langkamp, Rekik, Plattenhardt; Darida, Lustenberger; Kalou (Haragouchi, 85. min), Duda, Weiser; Ibisevic (Leckie, 76. min).

0 - Athletic Club: Iago Herrerin; Lekue, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Vesga; Córdoba (Raul Garcia, 72. min), Williams (Susaeta, 85. min), Muniain (Aketxe, 90. min); Aduriz.

Epailea: Ivan Kruzliak (Eslovakia). Txartel horiak: Weiser, Vesga eta San Jose.