Itxi

Athletic Club

Europa League

Ziganda, Valverderen etxetik kanpoko emaitzak hobetzera behartuta

A.B.

Athleticek ez zuen partidarik irabazi San Mamesetik at iazko Europa Ligan. APOEL ahulak kanporatu zuen final-hamaseirenetan Zipren 2-0 galdu ostean.

  • APOEL-Athletic Club. Argazkia: EFE

    Iragan denboraldiko APOEL-Athletic Club partidako irudia. Argazkia: EFE

Atheticek ostegun honetan ekingo dio 2017-2018. denboraldiko Europa Ligari multzoen faseko lehen jardunaldian Hertha aurkari izango duelarik Berlinen. Iragan denboraldian, Valverderen aginduetara, zuri-gorriek ez zuten garaipenik lortu etxetik kanpo jokatu zituen partidetan.

2016-2017. denboraldian Ernesto Valverdek zuzentzen zuen taldeak Sassuoloren aurka 3-0 galdu zuen Europa Ligako multzoen faseko lehen jardunaldiko neurketa. San Mamesetik at jokatu zuten beste partida ere 2-0 galdu zuen Athleticek Genken kontra. Azken jardunaldian, bana (1-1) berdindu zuen Rapiden aurka Vienan. Ondoren, final-hamaseirentean APOELek kanporatu zuen talde zuri-gorria Zipren 2-0 irabazita bizkaitarrei San Mamesen 3-2 galdu ostean.

Denboraldi bat lehenago, 2015-2016.ean, Athleticek Europa Ligako multzoen fasean jokatu zuen etxetik kanpoko lehen neurketa galdu egin zuen 2-1 Az Alkmaaren aurka Holandan. Ondoren, ordea, garaipenak lortu zituen Partizanen aurka (0-2) Belgradon eta Ausburgen aurka (2-3) Alemanian. Final-hamaseirenetan 0-1 irabazi zion Marseillari Frantzian. Final-zortzirenetan, 2-1 galdu zuen Valentziaren aurka Mestallan itzulerako partida, baina joanekoa 1-0 irabazi zutenez San Mamesen, zuri-gorriek egin zuten aurrera. Athleticek Sevillari 1-2 irabazi zion final-laurdenetako itzulerako partida Sanchez Pizjuanen San Mameseko aurkako 1-2koa berdinduz, baina penaltien txandan kanporatua izan zen talde zuri-gorria.

2014-2015. denboraldian Txapeldunen Liga jokatu zuen Athleticek. Etxetik kanpo jokatutako partidetan porrotak jaso zituen BATE Borisov ahularen aurka (2-1) eta Portoren kontra (2-1). Multzoen faseko bosgarren jardunaldian garaipena lortu zuten Shakhtarren aurka (0-1) Ukrainan. Bizkaiko taldea multzoko hirugarren geratu eta Europa Ligako final-hamaseirenetara sailkatu zen. Torino izan zuen aukari eta kanporatua izan zen Turinen 2-2 berdindu eta San Mamesen 2-3 galdu ostean.