Itxi

Athletic Club

Jokalarien egoera

Lekue: 'Jokalari guztiak ondo daude eta Yerayren egoera orokorra ona da'

Erredakzioa

Josean Lekue Athleticeko zerbitzu medikuen buruak jokalarien egoeraz hitz egin du. Denboraldiaurrera nola iritsi diren, eta Yeray nola dagoen aztertu du.

7:11

Athleticek astelehenean ekin zion denboraldiaurreari eta astearte honetan Josean Lekue klubeko zerbitzu medikuen buruak hitz egin du Lezamako prentsa aretoan. Lekuek jokalariak nola iritsi diren eta Yeray Alvarez nola aurkitzen den aztertu du.

"Denak daude oso egoera onean eta entrenatzeko prest, iazko egoerarekin alderatuta, iaz konplexuagoa izan zen. Jokalariak ondo itzuli dira. Osasunaren gaitasuna ziurtatzen dituzten frogak egin dituzte. Osasuna da kirolari guztien eta futbolari guztien oinarria, duda barik. Egin ditugun azterketetan ez da berririk aurkitu", esan du Lekuek.

Denboraldiaurrea beranduago hastea nahiko zutela esan du, eta entrenatzaile berria izan arren, prestaketa fisikoa ez dela asko aldatuko gaineratu du: "Denok nahi genuke beranduago hasi. Tekniko berriek euren kutsua izango dute. Berritasuna dena den, oso erlatiboa da guretzako, entrenatzailea etxekoa baita. Berritasun erraza da guretzako Ziganda".

Uztailaren 27an jokatuko du Athleticek denboraldi honetako lehen partida ofiziala, Europa Ligara sailkatzeko atariko bi kanporaketetako lehenaren joaneko neurketa. Zita horretara ondo iristeko denbora dagoela adierazi du Athleticeko medikuak: "Garrantzitsuena 27an jokatu behar dugula jakitea da, orduan, burua eta gorputza prestatu behar da. Denbora dago puntuan iristeko hilaren 27ko partidara, azken urteotan horrelako beharrak izan ditugu".

Yeray Alvarezen egoera

Yeray Alvarez jokalariaren bilakaera ere izan du hizpide Josean Lekuek. Athleticeko zerbitzu medikuen buruak esan duenez, "Yerayren egoera orokorra oso ona da. Bere gaixotasunean zailtasun bat izan du eta kimioterapia jasoko du. Familia, lagun eta Klubaren babesa dauka eta oso ondo dago. Gaur egun, minbiziaren tratamenduaren testuinguruan aktibitate fisikoa ere erabiltzen da, normaltasunez ikusi behar dugu. Seguruenik dinamika honekin jarraituko du Yerayk datozen asteotan".

Iazko denboraldia min hartuta bukatu zuten jokalarien egoera

Jokalari batzuek justu eta min hartuta bukatu zuten 2016-2017. denboraldia. Josean Lekuek jakinarazi du Raul Garciari kirurgia operazio txiki bat egin diotela, Beñatek denboraldia min hartuta amaitu zuela, baina ondo dagoela, eta Adurizek zainketa bereziarekin jarraituko duela.

"Raul Garciari ebakuntza kirurgiko txiki bat egin zitzaion, eta orain oso ondo dago. Beñatek min hartuta amaitu zuen denboraldia, baina ondo iritsi da, eta prest dago. Adurizek beste jokalari guztiek duten zainketa berdina jasotzen du, baina arreta handiagoarekin jarraitzen da jokalariak duen adinagatik. Bestalde, Iñigo Cordobak ebakuntza izan zuen maiatzaren 30ean, lanean jardun da hilabete hauetan eta oso ondo dago", azpimarratu du Josean Lekuek.




/>

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic