Athletic Club
0-3
Athleticek seigarren postuari eutsi dio Celtari irabazita
Erredakzioa
Zuri-gorriek 0-3 irabazi dute Balaidosen eta garaipen honi esker Bizkaiko taldeak Europa Ligarako sailkapena ematen duten postuetan jarraitzen du. Raul Garciak bi gol sartu ditu, eta Ricok gol bat.
-
Raul Garcia, Celtari sartu dizkion bi goletako lehena ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek 0-3 irabazi dio Celtari Balaidosen eta garaipen honi esker, talde zuri-gorriak LaLigako sailkapeneko seigarren postua berreskuratu du. Valverdek zuzentzen duen taldeak 62 puntu ditu, bosgarren postuan den Vila-realek baino puntu bat gutxiago eta zazpigarren postuan dagoen Realak baino puntu bat gehiago.
Talde zuri-gorria nagusi izan da lehen zatian, baina Celtak eduki du lehen abagunea; Bongodaren jaurtiketa, ordea, gutxigatik kanpora joan da. Ordutik aurrera Athletic izan da baloiaren jabe eta Valverdek zuzentzen duen taldea abaguneak sortzen hasi da. Partidako 16. minutuan Beñatek kanpora bidali du area barrutik behartuta egin duen errematea, 19. minutuan Roncagliak desbideratu du Munaiainen jaurtiketa eta 21. minutuan Raul Garciaren gola eragotzi du Sergio Alvarez Celtako atezainak. Iñaki Williamsek ere alferrik galdu du abagune bat 24. minutuan. Celta Athleticen menpe egon da, eta ezer gutxi egin du erasoan, baina Laporte erne ibili da galiziarren abagunea ezerezean uzteko. Athleticen nagusitasunak saria jaso du 35. minutuan; Muniainek kornerra atera, Yerayren eta Bongondaren artean baloia ukitu eta Raul Garciak sare barrura bidali du baloia (0-1), bigarren zutoinean errematea eginda. Celtak abisu berri bat eman du, baina berriro Laportek eragotzi du Berizzok zuzentzen duen taldearen gola. Atsedenaldira iritsi baino lehen Iñaki Williamsek bere taldearen bigarren gola sartzeko aukera izan du, baina bere jaurtiketa zutoinera joan da.
Bigarren zatian azkar bideratu du garaipena Athleticek. Atsedenalditik zelaiara itzuli eta bost minutu beranduago, 55. minutuan, Raul Garciak eta Williamsek jokaldi dotorea egin dute, eta Raul Garciak 2-0koa sartu du. Celta ezinean ibili da, lehen zatiaren antzera, baina bigarren zatian ez du abagune bakar bat ere sortu. Athleticek, ordea, hirugarren gola sartzeko aukera izan du 65. minutuan; Williamsek jokaldi ona egin, pasea eman, Muniain errematatzeko prest egon da, baina Lemos aurreratu zaio, gola eragotziz. Norgehiagokako azken txanpan, 83. minutuan, zelaira sartu berria izan den Mikel Ricok 0-3koa sartu eta Athleticen garaipena biribildu du.
Fitxa teknikoa:
0 - Celta: Sergio Alvarez; Lemos, Sergi Gomez, Fontas, Roncaglia; Marcelo Diaz, Wass (Pape Cheikh, min.61), Jozabed (Señe, min.79); Bongonda, Hjulsager (Guidetti, min.70) eta Beauvue.
3 - Athletic Club: Kepa; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat (Mikel Rico, min.77); Lekue, Raul Garcia (Iturraspe, min.81), Muniain (Aduriz, min.84); Williams.
Golak: 0-1 Raul Garcia, min.34; 0-2 Raul Garcia, min.49; 0-3 Mikel Rico, min.84
Epailea: Fernandez Borbalan.