Athletic Club
Final-hamaseirenak
Athletic-Apoel, Europa Liga berriro ere San Mamesen
eitb.eus
Gaur, gaueko 21:05ean, talde zuri-gorriak kanporaketa bideratu nahiko du txipretarren kontra.
Athletic Clubek APOEL Nikosiaren kontra jokatuko du gaur Europa Ligako final-hamaseirenetako joaneko partida San Mameseko futbol-zelaian gaueko 21:05ean.
Ernesto Valverderen taldeak helburu bakarra du, kanporaketa bideratuta Bilbon uztea. Zuri-gorriak sasoian dira etxean, hamasei partida daramatzate galdu gabe, horietatik hamahiru garaipen. Beraz, San Mames gotorleku bihurtu da aurten.
Europa Ligan jokatutako hiru partidak irabazi dituzte Rapid Viena (1-0), Genk (5-3) eta Sassuolo (3-2) taldeen kontra.
Jokalariei dagokionez Valverdek Kepa Arrizabalagaren eta Sabin Merinoren bajak besterik ez ditu, ondorioz, nahi duen hamaikako zelairatu dezake.
Athleticek APOEL Nikosia izango du aurrean, eta bertan, aurpegi ezagunak egongo dira, esaterako Iñaki Astiz nafarra (Osasuna Bn jokatu zuen), Urko Pardo (Bruselan jaiota, baina euskal familiarekin), Roberto Lago galiziarra eta azken fitxaketa, David Barral aurrelaria.
Ustezko hamaikakoak
Athletic: Iraizoz; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat; Williams, Raul Garcia, Muniain; eta Aduriz.
APOEL Nicosia: Waterman; Yambere, Nuno Morais, Merkis, Ioannou; Artymatas, Bertoglio, Vinicius; Efrem, Sotiriou eta Aloneftis.
Futbol-zelaia: San Mames.
Ordua: 21:05.