Athletic Club
Garaipena San Mamesen
Athleticek buelta eman dio emaitzari, partida txar batean (2-1)
Agentziak | Erredakzioa
Duje Copek aurretik jarri ditu asturiarrak penaltiz lehen zatian, eta Munianek eta Adurizek, azken honek ere penaltiz, neurketa irauli dute bigarrenean.
-
Adurizek eta Amorebietak hika-mika bat baino gehiago izan dute. Argazkia: Efe.
Athleticek Sportingen aurkako partida irauli du San Mamesen eta Europako postuetara begira jarraitzen du, Iker Muniainek eta Aritz Adurizek bigarren zatian egindako golei esker.
Asturiarrak aurretik jarri dira lehen zatian, Duje Copek penaltiz egindako gol baten bidez. Sportingeko jokalaria bilbotarren arean jausi da Eneko Bovedarekin batera eta epaileak penaltia adierazi du, faltarik egon ez den arren.
Bigarren zatian, Muniainek banakoa egin du, Iñaki Williamsek egindako erdiraketa aprobetxatuz. Williams bigarren zatian zelairatu du Valverdek, Lekueren ordez.
Ondoren, Adurizek 2 eta 1ekoa egin du Moi Gomezek Muniaini egindako penaltia jaurtiz. Aurretik, aurrelari donostiarrak bi aukera oso argi huts egin ditu Cuellar atezainaren aurrean.
Garaipen honi esker, Athletic Europako postuetatik bi puntura da. Sporting, berriz, zuloan da, lehen zatian hiru puntuak irabaztearekin amets egin ostean.
Fitxa teknikoa
2 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Bóveda, Laporte, Balenziaga; San José, Beñat (Iturraspe, 72.min); Raúl García (Mikel Rico, 91.min), Muniain, Lekue (Williams, 46.min); eta Aduriz.
1 - Sporting de Gijón: Cuéllar; Lillo, Babín (Sergio Álvarez, 35.min), Amorebieta, Canella (Burgui, 77.min); Xavi Torres; Víctor Rodríguez, Carmona, Viguera (Moi Gómez, 62.min), Isma López; eta Cop.
Golak: 0-1, 27.min: Cop, penaltiz. 1-1, 50.min: Muniain. 2-1, 71.min): Aduriz, penaltiz.