Athletic Club
Joaneko partida
Kemenezko garaipena, Bartzelonaren aurka (2-1)
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriek barruak hustu dituzte Bartzelonari irabazteko, neurkerta bederatzi jokalarirekin amaitu ostean. Adurizek eta Williamsek egin dituzte lehoien golak, eta Messik, berriz, kataluniarrena.
-
Athleticeko jokalariak, Williamsen gola ospatzen. Argazkia: Efe.
Athleticek Erregeen opari ederra egin dio Yeray Alvarez jokalariari, Bartzelonari 2 eta 1 irabazita, Errege Kopako final-zortzirenetako joaneko partidan. Barakaldoko atzelariari ebakuntza egin zioten iragan astean eta palkoan izan da partida ikusten.
Lehen zatiko gauzarik garrantzitsuena zuri-gorrien golak izan dira. Lehoiak jaun eta jabe izan dira lehen 45 minutuetan.
Lehen gola San Josek hasitako jokaldi baten ondorioz iritsi da. Baloia Adurizi heldu zaio eta donostiarrak buruarekin errematatu du Ter Stegenen ate barrura.
Handik bi minutura, bigarrena iritsi da. Raulek, Iturraspek eta Bovedak kataluniarren baloi irteera oztopatu dute, Aduriz orpoz pasea Williamsi eman dio eta aurrelari gaztearen erremate bortitza ezustean harrapatu du Bartzelonako atezaina.
Atsedenaldiaren ostean, Messik aldea murriztu du, falta bat zuzenean jaurtiz. Iraizozek ezin izan du baloia aldendu.
Ondoren, epaileak Athleticeko bi jokalari kaleratu ditu bi txartel hori aterata: Raul Garcia 72. minutuan, eta Iturraspe, 80.ean. Ondorioz, Bartzelonak neurketaren kontrola izan du, eta erasoan aritu da jo eta ke, baina ezin izan dute bigarren gola egin.
Final-zortzirenetako kanporaketa Nou Campen erabakiko da.
Fitxa teknikoa
2 - Athletic Club: Iraizoz; Bóveda, Etxeita, Laporte, Balenziaga; Raúl García, San José, Iturraspe, Saborit (Muniain, 68. min); Williams (Elustondo, 83. min) eta Aduriz (Eraso, 78. min).
1 - Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Piqué, Umtiti (Alcácer, 87. min), Jordi Alba; Busquets, Rakitic (André Gomes, 71. min), Iniesta; Messi, Suárez eta Neymar.
Golak: 1-0, 25. min: Aduriz. 2-0, 28. min: Williams. 2-1, 52. min: Messi.
52. min: Messi.