Athletic Club
Genk, hurrengo aurkaria
Athleticek sei aldiz jokatu du Belgikan eta hiru garaipen lortu ditu
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak Genken aurka jokatuko du ostegunean Europa Ligan. Bizkaitarrek era guztietako emaitzak eskuratu dituzte Belgikako zelaietan.
-
Athleticeko jokalariak Granadaren aurka sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek ostegunean jokatuko du Genk taldearen aurka Europa Ligako multzoen faseko hirugarren jardunaldiko partida. Zuri-gorriek sei aldiz jokatu dute Belgikan hiru garaipen, berdinketa bat eta bi porrot eskuratuta.
Talde bizkaitarrak Belgikan lortu zuen azken garaipena historikoa izan zen; 1-7 irabazi zion Standard Liejari Maurice Dufrasne zelaian. Santi Ezquerrok hiru gol sartu zituen, eta gol bana sartu zuten Asier Del Hornok, Joseba Etxeberriak eta Andoni Iraolak. Gainera, Iraolak penaltiz sartu zuen gola eta beste penalti bat huts egin zuen.
1964-1965. denboraldian Athleticek 0-1 irabazi zion Amberesi Jesus Etxebarriaren gol batekin Ferias Kopako final-hamseirenetan. 1984-1985. denboraldian ere 0-1 irabazi zioten zuri-gorriek RFC Lejiari UEFAko final-hamaseirenetan. Miguel de Andres izan zen golegilea.
Athleticek Belgikan lortu duen berdinketa bakarra 1977an izan zen. UEFAko finalerdietan Racing White Molenbeeken aurka bana (1-1) berdindu zuen Iñaki Churrucaren golari esker. Kanporaketa horretan golik gabe (0-0) berdindu zuten San Mamesen eta finalerako txartela lortu zuten. Finala Juventusen aurka jokatu eta italiarrak izendatu ziren txapeldun.
Belgikako zelaietan jasotako bi porrotek Europako txapelketetatik kanporatuta geratzea ekarri zioten talde zuri-gorriari. 1986-1987. denboaldian Athleticek 3-1 galdu zuen Beverenen aurka (Peeraer, Theunis eta Fairclough/Sarriugarte) eta ezin izan zioten kanporaketari buelta eman Bilbon. Azken porrota duela sei urte jaso zuen Athleticek. 2010eko otsailaren 25ean Anderlechtek 4-0 irabazi zion talde bizkaitarrari San Mamesen golik gabe (0-0) berdindu ostean. Romelu Lukaku, San Jose (bere atean), Juhasz eta Legear izan ziren golegileak. Bruselan jipoia jaso zuen taldeko bost jokalarik jarraitzen dute Athleticen oraindik: Gorka Iraizoz, Mikel San Jose, Markel Susaeta, Oscar de Marcos eta Iker Muniain jokalariak.
ain jokalariak.