Athletic Club
3-2
Athleticen garaipena Realaren aurkako euskal derbian
Erredakzioa
Zuri-gorriek irauli egin dute Zurutuzak txuri-urdinentzat sartu duen lehen gola Munianen, Adurizen eta Williamsen golekin. Iñigo Martinezek aldeak murriztu ditu 83. minutuan.
-
Iker Muniain eta taldekideak Realaren aurka sartu duen gola ospatzen. Argazkia: EFE
Athleticek irabazi du Realaren aurkako euskal derbia San Mamesen, 3-2ko emaitzarekin. Horrela, zuri-gorriek amaiera eman diote azken derbietan izan duten bolada txarrari.
Partida parekatuta hasi da San Mamesen eta Athletic izan da hasierako minutuetan arriskua sortu duena, baina Realak norgehiagokan izan duen lehen abagunean aurrea hartu du. Korner baten bitartez etorri da txuri-urdinen gola; Velak atera du kornerra, Xabi Prietok buruz atzerantz jo eta Zurutuzak sare barrura bidali du errematea (0-1). Golaren ostean Athletic baloiaren jabe izan da, baina talde zuri-gorriari asko kosta zaio abagune argiak sortzea. Lehen zatiko azken txanpan izan ditu Athleticek berdinketa lortzeko abagune oso argiak. Partidako 36. minutuan Rullik eragotzi du bizkaitarren berdinketa bi gelditu ezin hobe eginda; Muniainen jaurtiketa ona desbideratu du lehenengo eta jarraian erantzun bikaina eman dio Iturrasperen jaurtiketari. Atsedenaldira iritsi orduko, zuri-gorriek beste aukera argi bat izan dute, baina Rulli atezainak Raul Garciaren burukada desbideratu du, gola eragotziz. Ondorioz, txuri-urdinak iritsi dira abantailarekin atsedenaldira (0-1).
Bigarren zatiaren hasiera bizia izan da bi taldeen aldetik. Reala lehen jokaldian iritsi da Iraizozen ate aurrera, baina ez dute errematea egitea lortu; jarraian, Adurizen errematea langa gainetik kanpora joan da. Lehia parekatuta egon da bigarren zatiko hasierako minutuetan, baina Muniainek area kanpotik jaurtiketa egin eta gol ikusgarria sartu du markagailuan banakoa (1-1) ezarrita. Athletici indarra eman dio partida berdintzeak eta ez du minutu gutxi geroago, bigarren gola sartu du; Rullik pasea eman dio Raul Navasi, honek gaizki bueltatu dio pasea atezainari, baloia Adurizi iritsi zaio, eta Rulli buruz-gain pasata, 2-1ekoa sartu du. Bigarren golaren ostean kontrolpean izan du partida Athleticek eta Realak baino hobeto mugitu du baloia. Txuri-urdinek, ordea, berdinketa lortzeko abagunea izan dute 65. minutuan, baina Iraizoz atezainak erantzun bikaina eman dio Oyarzabalen boleakada ikusgarriari. Realak gertu izan du binakoa, baina 72. minutuan beste huts bat egin du baloia ateratzerakoan, Aduriz area barruan sartu da, pasea eman dio Iñaki Williamsi eta honek 3-1ekoa sartu du.
Partidaren azken txanpan Realak erasora jo du itsu-itsuan. Athleticek ondo eutsi die talde txuri-urdinaren erasoaldiei, baina 83. minutuan Illarramendik falta bat atera eta Iñigo Martinezek buruz 3-2koa sartu du. Azken minutuetan norgehiagoka joan-etorrikoa izan da. Realak berdinketa lortzeko oso abagune argia izan du. 89. minutuan William Jose bakarrik geratu da bigarren zutoinean, erremate argia izan du gola sartzeko eta ez du baloia ere jo. Hortxe amaitu dira puntu bat lortzeko esperantzak Realarentzat eta Athleticek lortu du derbia irabaztea (3-2).
Fitxa teknikoa:
3 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos (Saborit, m.65), Yeray, Laporte, Lekue; San Jose, Iturraspe; Williams (Mikel Rico, m.81), Raul Garcia, Muniain (Susaeta, m.67); eta Aduriz.
2 - Reala: Rulli; Carlos Martinez, Navas, Iñigo Martinez, Yuri; Illarramendi, Zurutuza, Xabi Prieto (Canales, m.65); Oyarzabal (David Concha,m.88), Vela (Juanmi, m.81), Willian Jose.
Golak: 0-1, m.16: Zurutuza. 1-1, m.51: Muniain. 2-1, m.60: Aduriz. 3-1, m.72: Williams. 3-2, m.83: Iñigo Martinez.
Epailea: Gonzalez Gonzalez.
zalez Gonzalez.zalez Gonzalez.