Athletic Club
6. jardunaldia
Athleticek laugarren garaipena lortu du Sevillari irabazita (3-1)
Agentziak | Erredakzioa
Mikel San Jose, Balenziaga eta Aduriz, penaltiz, egin dituzte Athleticen golak. Nasri izan da Sevillaren golegilea. Andaluziarrek hamarrekin bukatu dute partida, eta Iborra, atepean.
Athleticek Sevillari irabazi dio San Mamesen (3-1), Ligako bolada onari segida emanez. Zurigorrien laugarren garaipena da sei jardunalditan.
Lehoiek garaipenaren alde egin dute lan. San Josek aurretik jarri du taldea korner batean, eta Athleticek nagusitasun osoa izan du gero, Nasrik berdinketaren gola egin duen arren.
Raul Garcia hasieratik saiatu da, Sirigu lanean jarriz. Beñaten jokaldi batean, San Mamesek Iborraren penalti bat eskatu du, eskuarekin ukitu duelako. Sevillak behin baino ez du Kepa lanean ipini. Sarabiaren jokaldi batean izan da, baina Carlos Fernandezek ezin izan du errematatu.
San Jose eta Nasriren golen ostean, Athleticek ez du atzera egin. Balenziaga izan da protagonista. Berak egin du Athleticeko bigarren gola, jokaldi pertsonal batean. Profesional bezala sartu duen lehenengoa izan da gainera.
Norgehiagokaren azken zatian, Siriguk Aduriz jo du, eta penaltia eta txartel gorria adierazi ditu epaileak. Sevillak hiru aldaketak eginak zituen, eta Iborra atean jarri behar izan da. Donostiarrak ez du hutsik egin.
Ligako hirugarren postuan jarri da Athletic, Atleticok egiten duenaren zain. 12 puntu dituzte lehoiek.
FITXA TEKNIKOA
Athletic: Iraizoz; De Marcos, Yeray, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat (Sabin Merino, 91. min); Williams, Raul Garcia (Saborit, 75. min), Susaeta (Iturraspe, 69. min); eta Aduriz.
Sevilla: Sirigu; Mariano, Pareja (Vietto, 69. min), Mercado, Kolodziejczak; Kranevitter, Iborra; Sarabia, Nasri, Correa (Vitolo, 58. min); eta Carlos Fernandez (Franco Vazquez, 62. min).
Golak: 1-0, m.26: San Jose. 1-1, 54. min: Nasri. 2-1, 66. min: Balenziaga. 3-1, 90. min: Aduriz, penaltiz.
uriz, penaltiz.