Itxi

Athletic Club

Helburua: Europa

Gabilondo (Osasuna-Athletic): "Hirunaka lortu behar ditugu puntuak"

Haritz Gallastegi

Lezama

Erdilari gipuzkoarrarentzat bi taldeek izango dute presioa: Toquero hasi da baloiarekin ariketak egiten.

Astelehenetan jokatzeea egokitzen denean luze egiten da astea. Bai jokalarientzat eta baita zaleentzat ere. Hala ere, derbi eguna gerturatu ahala hasi da giroa apur bat berotzen. Zuri-gorriek etxetik kanpoko bolada txar luzea amaitzearekin egiten dute amets. Izan ere, jakin badakite Europako Ligarako txartela eskuratzeko bide bakarra dela. "Ez dakit zenbat puntu beharko ditugun Europan sartzeko. Baina hirunaka irabazten hasi behar gara", esan du Igor Gabilondok.

Euskal derbia irabaztea ezinbestekoa da zuri-gorrientzat. Baina gorritxoek etxean jokatzen dute eta puntu premiarekin daudenez, ez dute berehalakoan amore emango. Horregatik, intentsitate handiarekin jokatzea ezinbestekoa izango dela iritzi dio ezker finak. "Bigarren jokaldietan nagusitzen den taldeak asko izango du irabazita. Egia da lehen gola egiten duenak urrats garrantzitsua emango duela, baina ez da erabakigarria izango".

Susaetak, berriz, ez du partida ikusgarria aurreikusten. "Derbietan ez da joko ona ikusten. Hori bai, harmailetako giroa polita izango da oso".

Lan saioari dagokionez, arazo fisikorik ez dutenak futbol-tenisean aritu dira. Min hartuta daudenak, berriz, aparte entrenatu dira. Euren artean egon da Toquero. Aurrelari gasteiztarrak lehen aldiz ikutu du baloia azken aste bietan.