Itxi

Athletic Club

0-4

Bilbao Athleticek jipoia jaso du San Mamesen

Erredakzioa

Zuri-gorriek 0-4 galdu dute Nasticen aurka, eta gero eta zailago dute salbazioa lortzea.

Bilbao Athleticek 0-4 galdu du Gimnasticen aurka San Mamesen, eta Zigandak zuzentzen duen taldeak burua altxatu ezinda jarraitzen du. Talde bizkaitarra Adelante Ligako azken sailkatua da, eta gero eta zailago du salbazioa lortzea.

Talde zuri-gorriak erritmo bizia ezarri nahi izan dio partidari hasieratik, baina norgehiagokako lehen abagunea Nasticek izan du; Naranjoren jaurtiketari, erantzun bikaina eman dio Remiro atezainak. Ondoren, Iriondok izan du lehen abagunea zuri-gorrientzat, baina atezainaren aurrean baloia loratu, eta Marik atera du atepetik. Minutu horietan, Bilbao Athletic nagusitzen hasi da, baina Tarragonako taldeak 0-1ekoa sartu du partidan izan duen bigarren abagunean. Naranjo izan da golegilea. Lehen zatia amaitu baino lehen, Zigandak zuzentzen duen taldeak lehia berdintzeko bi abagune izan ditu, biak Villalibrenak; lehena Nasticeko atezainak gelditu du, eta bigarrena, gutxigatik joan da kanpora.

Bigarren zatia hasi eta hamar minutura, zuri-gorriek gola sartzeko aukera izan dute, baina Santamariaren errematea kanpora joan da, ozta-ozta. Bilbao Athleticek barkatu egin du, baina Nasticek ez, hurrengo jokaldian Kataluniako taldeak 0-2koa sartu baitu. Aburjaniak sartu du gola, area kanpotik egindako jaurtiketa baten bitartez.

Nasticen bigarren golak jota utzi du Bilbao Athletic, eta Kataluniako taldeak aldeak handitu ditu partidako azken txanpan. Emanak bi gol egin ditu 68. eta 78. minutuetan, 0-3koa eta 0-4koa jarrita. Azken gol horien ostean, bisitariak jaun eta jabe izan dira, eta gol gehiago sartzeko aukera gehiago ere izan ditu. Partida amaitutakoan, beraz, Tarragonako taldeak eskuratu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

0 - Bilbao Athletic: Remiro; Ramalho, Gil, Saborit; Etxeberria, Jon Iru (Santamaria, 46. min), Iriondo (Seguin, 65. min); Aketxe, Olaetxea, Vesga; eta Villalibre (Guarrotxena, 77. min).

4 - Gimnastic: Reina; Suzuki, Bouzón, Marí, Mossa; Madinda, Aburjania; Jean Luc Assoubre, Muñiz (Lobato, 63. min), Naranjo (Xisco, 78. min); eta Emana (Ferran, 84. min).

Golak: 0-1, 25. min: Naranjo. 0-2, 56. min: Aburjania. 0-3, 69. min: Emana. 0-4, 79. min: Emana.

Epailea: Cordero Vega.