Athletic Club
Porrota Espanyolen aurka
Hiru minututan ihes egin dio partidak Athletici (2-1)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Espanyolek buelta eman dio Javi Erasok 20. minutuan sartutako golari. Kataluniarren zelaia madarikatua izaten jarraitzen du bilbotarrentzat. Zuri-gorriek lau garaipen jarraian zeramatzaten Ligan.
-
Zuri-gorriei bizitasuna falta izan zaie bigarren zatian. Argazkia: Efe.
18 urte joan dira jada Athleticek Espanyolen zelaian azkenengoz irabazi zuenetik. Aurten ere, zuri-gorriak galtzaile atera dira, atsedenaldian 0 eta 1 aurretik izan diren arren, Erasok 20. minutuan egindako golari esker.
Lehen zati bizia jokatu dute bi taldeek, eta aukerak bi areatan sortu dituzte. Markagailua oraindik hutsean izan denean gertatu da neurketako jokaldi polemikoa. 16. minutuan Espanyoleko jokalariek eta zaleek Etxeitak egindako penaltia eskatu dute, zalantzazkoa, baina epaileak ez du ezertxo ere adierazi.
Handik lau minutura, Athleticek gola egin du. De Marcosek pasea eman dio Javi Eraso gazteari, eta honek baloia sareetara bidali du.
Bilbotarren golarekin kataluniarrek ez dute atzera egin, eta berdinketa lortzeko aukerak sortu dituzte atsedenaldiaren aurretik. Iraizozek eskuz urrundu du Diopen jaurtiketa bortitza, eta, ondoren, Gerardek eta Duartek ere aukera argiak izan dituzte. Zuri-gorriei ziurtasuna falta izan zaie atzean, Espaynolen eraso zuzenei eusteko.
Emaitza irauli dute
Gauzak erabat okertu dira bigarren zatian. Bartzelonarrak jo eta ke atera dira erasora eta hiru minututan partida iraultzea lortu dute.
54. minutuan, Espanyolek kornerra atera eta Diopek berdinketa egin du baloia buruarekin errematatuz. Handik gutxira, etxekoen bigarrena iritsi da, Caicedok egin du bere taldearen kontraerasoa ederki bukatuz.
Hirugarrena sartzear
Ondorengo minutuetan, norgehiagokak erritmoa galdu du; horrek kalte egin dio Athletici, eta mesede Espanyoli. Perikitoek aukerak izan dituzte ere hirugarrena sartzeko, Caicedoren eta Mamadouren bidez. Azken horrek luzapenean egindako jaurtiketak zutoina jo du.
Azkenean, 2 eta 1 Athletic galtzaile. Azken lau partidetako bolada onari agur esan dio Valverderen taldeak, eta Espanyoli Bartzelonan irabazi ezinik jarraitzen dute.
Fitxa taknikoa
2. Espanyol: Pau López; Álvaro, Roco, Óscar Duarte, Rubén Duarte; Diop; Víctor Sánchez, Abraham, Marco Asensio (Caicedo, 53. min, Mamadou, 84. min), Hernán Pérez eta Gerard Moreno (Javi López, 70. min).
1. Athletic: Iraizoz; Bóveda (Raúl García, 63. min), Etxeita, Laporte, Balenziaga; Iturraspe (Beñat, 63. min), Mikel Rico (San José, 55. min); De Marcos, Eraso, Lekue eta Aduriz.
Golak: 0-1, 20. min: Eraso. 1-1, 54. min: Diop. 2-1, 56. min: Caicedo.
. min: Caicedo.