Athletic Club
Heriotzak
Artetxe eta Nico Estefano Athleticeko jokalari historikoak hil dira
Agentziak | Erredakzioa
Artetxe 1958. urtean Bernabeun Alfredo Di Stefanoren Real Madrili Kopa finala irabazi zion taldeko protagonistetako bat izan zen. Nico, aldiz, jokalaria eta teknikaria izan zen talde zuri-gorrian.
Athleticek bi jokalari historiko galdu ditu matxoaren 19an: Jose Luis Artetxe eta Nico Estefano. Klubaren historiaren parte dira biak, eta Athleticeko jokalariek besoko beltza jantziko dute Espanyolen aurkako partidan, igande honetan.
Jose Luis Artetxe Athleticeko jokalari mitikoa, 85 urte zituela hil da, Athleticek berak baieztatutakoaren arabera. Artetxe zuri-gorrien historiako jokalari onenen artean dago, eta 50eko hamarkadako talde arrakastatsuko kidea izan zen. Artetxek (Getxo, 1930-06-28) 346 partida ofizial jokatu zituen lehoiekin, eta 133 gol sartu zituen. Athleticen historiako bederatzigarren golegile onena da, Zarra, Bata, Dani, Gorostiza, Iraragorri, Arieta, Panizo eta Gainzaren atzetik. Bilbotarrekin egindako 15 denboraldietan, Algortako aurrelariak Liga Txapelketa bat (1955-56), hiru Errege Kopa (1955, 1956 eta 1958) eta 1951ko Eva Duarte kopa irabazi zituen.
Artetxek sei aldiz jokatu zuen Espainiako selekzioarekin, eta gol bat egin zuen bere debutean, Espainiak Turkiaren aurka jokatutako neurketan (2-3). Carmelo, Orue, Garay, Canito, Mauri, Etura, Uribe, Arieta, Koldo Agirre eta Gainzarekin batera, Artetxe Bernabeun Di Stefanoren Real Madrili 1958ko Kopako finala irabazi zion taldeko protagonistetako bat izan zen. Norgehiagoka mitikoa izan zen hura Athleticen historian.
Artetxek, gainera, Athleticek Europan egindako lehenengoetariko golak sartu zituen, 1965an Portori egindako golak bereak izan baitziren (3-2). Zuri-gorriak Europako kopako final-zortzirenetara pasa ziren emaitza horri esker.
Nicolas Estefano Athletic Clubeko jokalari ohia eta Lezamako teknikari ohia ere egun berean zendu da, 2016ko martxoaren 19an. Athletic Clubek bere doluminik sentituena adierazi nahi izan die senide eta lagunei.