Athletic Club
1-2
Bilbao Athleticek porrota jaso du Kordobaren aurka
Erredakzioa
Talde zuri-gorriak 1-2 galdu du San Mamesen eta gero eta zailago du salbazioa lortzea.
-
Bilbao Athleticek 1-2 galdu du Kordobaren aurka. Argazkia: ETB
Bilbao Athleticek beste porrot bat jaso du Adelante Ligan eta sailkapeneko azken postuan jarraituko du. Kordobaren aurka 1-2 galdu dute San Mamesen. Florinek eta Fidelek sartu dituzte Kordobaren golak eta Aketxek sartu du Bilbao Athleticena.
Partidako lehen minutuetan bi taldeetako batek ere ez du abagune argirik sortu, baina Kordobak gola sartu du abagunea izan duen lehen aldian; Bilbao Athleticeko defentsek baloia aldendu nahi izan dute, baina Florin Andonek aurrea hartu die, 0-1ekoa sartuta.
Talde zuri-gorriaren erantzuna ez da 37. minutura arte iritsi; Unai Lopezek area kanpotik jaurtiketa ona atera eta Razak atezainak harrapatu du baloia, arazotxoren batekin. Atsedenaldira iritsi orduko, Aketxeren jaurtiketak zutoina jo eta kanpora joan da.
Bigarren zatian ez da partidako gidoia aldatu. Kordobak gehien interesatzen izan zaion erritmoa ezarri dio neurketari eta bi taldeetako batek ere abagune argirik sortu ez duen arren, epaileak Kordobaren aldeko penaltia adierazi du, 58. minutuan. Fidelek jaurti du penaltia eta 0-2koa sartu du.
Andaluziako taldearen bigarren golaren ostean, Bilbao Athleticek aldeak murrizteko ahalegina egin du, baina ez du arrisku handirik sortu Razakek defendatutako atean. Zigandak zuzentzen duen taldearen abagune on bat 78. minutuan etorri da, gutxigatik kanpora joan den errematearen bitartez. Abagune onena, ordea, Santamariak izan du atsedenaldira iristeko zazpi minutu falta izan direnean, baina Razaken aurrean egindako errematea, atezainak berak harrapatu du. Erasokor ibili da talde bizkaitarra eta 89. minutuan Aketxek aldeak murriztea lortu du, area kanpotik egindako jaurtiketa sare barrura bidalita.
Zuri-gorrien gola, ordea, beranduegi iritsi da, eta Bilbao Athleticek denboraldiko hamazazpigarren porrota jaso du.
Fitxa teknikoa:
1 - Bilbao Athletic: Remiro; Ramalho, Yeray, Gil (Seguin, 58. min); Etxeberria, Unai Lopez (Jurgi, 82. min), Vesga, Iriondo; Aketxe; Guarrotxena (Villalibre, 46. min) eta Santamaria.
2 - Kordoba: Razak; Pedro Rios (Galvez, 91. min), Stankevicius, Deivid, Hector Rodas, Abel Moreno; Caballero (Lopez Silva, 86. min), Luso, Eddy Silvestre; Florin Andone eta Xisco (Fidel, 46. min).
Golak: 0-1, 19. min: Andone. 0-2, 61. min: Fidel, penaltiz. 1-2, 89. min: Aketxe.
Epailea: Ais Reig.