Itxi

Athletic Club

4-2

Athleticek porrota jaso du Real Madrilen aurka

Erredakzioa

Zuri-gorriek 4-2 galdu dute Bernabeun. Talde bizkaitarrak partida ona jokatu du, baina gehiegi barkatu du lehen zatian. Erasok eta Elustondok sartu dituzte Athleticen golak.

Athleticek partida ona jokatu du Real Madrilen aurka Santiago Bernabeu zelaian, baina 4-2 galdu du. Zuri-gorriek gehiegi barkatu dute aurkariaren ate aurrean lehen zatian eta Madrileko taldeak izan dituen abaguneak goletan itzuli ditu.

Zuri-gorriek lehen zati bikaina jokatu dute, baina Real Madrilek izan dituen bost abaguneetatik hiru sare barrura bidali ditu Valverdek zuzentzen duen taldeari merezi gabeko zigorra ezarriz. Madrileko taldeak bizi ekin dio partidari eta hirugarren minutuan Cristiano Ronaldok 1-0ekoa sartu du jokaldi bikain bati amaiera ezin hobea emanda. Gol bikaina sartu du jokalari portugaldarrak. Lehen golaren ostean, partida erotu egin da: Athleticek abagune ona izan du 8. minutuan, baina Adurizen errematea gutxigatik kanpora joan da; jarraian, Real Madrilen erantzuna etorri da, baina Iraizozek Bernabeuko taldearen gola eragotzi du, gelditu ona eginda. Minutu bat beranduago, Athleticek partida berdintzea lortu du. Varanek kale egin du defentsan eta Erasok banakoa sartu du (1-1) aurkariaren hutsaz baliatuta.

Berdinketaren ostean, norgehiagoka parekatu egin da, eta 18. minutuan Athleticek bigarren gola sartzeko abagunea izan du; Adurizen erremateari, ordea, Keylor Navasek erantzun ezin hobea eman dio. 24. minutuan, aldiz, Real Madrilek izan du bigarren gola sartzeko aukera, baina Iraizozek berriro eragotzi du etxeko taldearen gola Daniloren burukada desbideratuta. Partida ero ibili da, eta Adurizek langara bidali du errematea Balenziagaren pase on bat jaso ostean. Athletic izan da jaun eta jabe lehen zatian eta 33. minutuan beste gol bat sartzeko abagunea izan du. Adurizek jokaldi ona egin, De Marcosi pasea eman eta honen jaurtiketa desbideratuta joan da. Zuri-gorriak izan dira nagusi jokoari dagokionez lehen 45 minutuetan, baina gehiegi barkatu dute aurkariaren ate aurrean, eta 37. minutuan Jamesek 2-1ekoa sartu du area kanpotik jaurtiketa bikaina aterata. Bigarren gola jaso eta lasterrean, Valverdek zuzendutako taldeak lehia berdintzeko aukera izan du; Sabin Merinoren errematea, ordea, kanpora joan da. Atsedenaldira iritsi orduko, Real Madrilek hirugarren gola sartzea lortu du Kroosen bitartez (3-1).

Real Madrilek hobeto ekin dio bigarren zatiari. Zidanek zuzentzen duen taldea lasai zelairatu da bi goleko aldearekin eta 52. minutuan aldeak handitzeko abagunea izan du, zutoinera joan den Cristiano Ronaldoren jaurtiketaren bitartez. Real Madril izan da baloiaren jabe, baina ez da abagune argirik egiteko gai izan. Athleticen erantzuna 65. minutuan etorri da, baina Sabin Merinoren burukada gutxigatik kanpora joan da. Norgehiagokako azken txanpan Real Madrilek abagune argiak izan ditu Cristiano Ronaldoren eta Benzemaren bitartez, baina bi aurrelariak ez dira fin ibili. 82. minutuan Varanek bigarren txartel horia ikusi du, eta egotzia izan da.

Zidanek zuzentzen duen taldeak ez du hamar jokalarirekin geratu izana igarri eta 87. minutuan Cristiano Ronaldok partida guztiz erabakita utzi du, 4-1ekoa sartuta. Athleticek bigarren gola sartzea lortu du 90. minutuan Elustondoren burukada baten bidez (4-2), baina jada ez da gehiagorako denborarik egon eta Real Madrilek lortu du garaipena.

Fitxa teknikoa:

4 - Real Madril: Keylor Navas; Danilo (Nacho, 69. min), Varane, Sergio Ramos, Carvajal; Kroos, Modric, Kovacic (Isco, 72. min); James (Lucas Vazquez, 80. min), Cristiano Ronaldo eta Benzema.

2 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Laporte, Etxeita, Balenziaga; Beñat, Iturraspe (Elustondo, 62. min), Eraso, Merino (Borja Viguera, 80. min); Lekue (Muniain, 69. min) eta Aduriz.

Golak: 1-0, 3. min: Cristiano. 1-1, 11. min: Eraso. 2-1, 37. min: James. 3-1, 45. min: Kroos. 4-1, 87. min: Cristiano. 4-2, 90. min: Elustondo.

Epailea: Alvarez Izquierdo.

arez Izquierdo.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Athletic