Athletic Club
Hutsean
Athleticek eta Vila-realek berdindu egin dute San Mamesen (0-0)
Leire Etxazarra | eitb.eus
Zuri-gorriek ezin izan dute Marcelinoren taldeak sailkapenean duen 10 puntuko aldea murriztu. Partida oso borrokatua izan da, baina aukera argi gutxikoa.
-
Eneko Boveda eta Bakambu. Argazkia: Efe.
Athleticek eta Vila-realek hutsean berdindu dute San Mamesen jokatutako Liga partida. Neurketa oso borrokatua eta bizia jokatu dute, eta bi taldeek 10 jokalarirekin amaitu dute norgehiagoka. Williamsek eta San Josek ezin izango dute datorren astean Real Madrilen aurka jokatu. Aurrelari gazteari bi txartel hori atera dizkio epaileak, eta San Joseri, berriz, bere bosgarrena erakutsi dio.
Lehen zatian, zuri-gorrien errendimendua jaisten joan da, minutuek aurrera egin ahala. Jokoa kontrolatu dute, baina sakontasuna, eta, batez ere, errematea falta izan zaie. Hala ere, neurketako lehen aukera argia Roberto Soldadok izan du bigarren minutuan. Soldako Iraizozen aurrean geratu da, bakar-bakarrik, eta atezaina zuhur ibili da baloia bigarren saiakera harrapatzeko.
Iñaki Williams izan da Athleticen jokalaririk arriskutsuena lehen zatian; Adurizek, berriz, oso gutxi sartu da jokoan. Williamsek bi aukera argi izan ditu, baina bietan baloia kanpora joan zaio, gutxigatik.
Marcelinoren taldeari dagokionez, arrisku gutxi sortu du. Atzean sartuta izan dira, bizkaitarrak kontraerasoan harrapatzeko asmoz.
Atsedenaldiaren ostean, partida hautsi egin da. Athleticek jokoaren kontrola galdu du, eta talde horiak aurrera pausoa eman du. Hala ere, gol aukera argi oso gutxi izan dira.
Williams, kaleratuta
Aukerarik argiena Roberto Soldadok izan du 83. Minutuan, baina bere errematea kornerrera urrundu du Gorka Iraizozek. Azken minutuetan, epaileak Iñaki Williams eta Bonera italiarra egotzi ditu, biei bi bigarren txartel horia atera ostean. Williamsek ezin izango du Bernabeun jokatu, ezta San Josek ere. Nafarrari bere bosgarren txartel horia atera diote.
Azkenean, golik gabeko berdinketa San Mamesen. Bidezko emaitza, zelaian ikusitakoaren arabera.
Fitxa teknikoa:
0 - Athletic: Iraizoz; Lekue, Bóveda, Laporte, Balenziaga; San José (Iturraspe, 87. min), Beñat; Williams, Eraso (Muniain, 71. min), Susaeta (Sabin Merino, 63. min); eta Aduriz.
0 - Vila-real: Areola; Mario, Musacchio (Bonera, 72. min), Víctor Ruiz, Jaume Costa; Jonathan Dos Santos (Samu Castillejo, 78. min), Bruno, Trigueros, Denis Suárez; Bakambu (Leo Baptistao, 46. min) eta Soldado.