Itxi

Athletic Club

0-1, Athleticen alde

Urrezko hiru puntu Athleticentzat; lehoiak, Europako postuetan

Jesús Elordui | EITB.EUS

Iñaki Williamsek egin du Athleticen gola Alfonso Perez zelaian, eta garaipena eman dio Athletici. Celta eta Sevillaren emaitzen faltan, Valverderen gizonak bosgarren tokian kokatu dira.

1:32

Iñaki Williamsek gola sartu du eta Athleticek hiru puntuak lortu ditu Getafeko Alfonso Perez zelaian. Lehoiek partida asko jokatu dituzte urtarrilean, Ligan eta Kopan, baina nekea gainditu ahal izan dute eta Getaferi gailendu zaizkio. Valverderen gizonak oso ondo ibili dira lehen zatian, eta atsedenaldian markagailuak adierazten zuen 0-1ekoa baino gehiago merezi izan dute, baina bigarren zatian sufritu dute emaitzari eusteko. Azkenean, nahiz eta Getafek aukera batzuk izan dituen, zuri-gorriek lehen zatian sartutako gola defendatu eta garaipena eskuratu dute.

Lehen zatian, zuri-gorriek jokoa menderatu dute. Valverderen gizonak sendo zelairatu dira eta aukera onak izan dituzte, ia hasieratik. Sabin Merinok izan du onena, Williamsek eskuinaldetik erdiraketa ona eginda, baina Urdulizeko aurrelariak ezin izan du errematea behar bezala bideratu eta baloia kanpora joan zaio. Ez da hala gertatu, baina, 25. minutuan; erasoko jokaldi luze baten amaieran, Mikel Balenziaga sartu da ezkerretik, eta area txikira erdiratu du, Williams zegoen tokira. Bilboko aurrelariak, trebetasunez eta buruz, Guaitaren ezkerretara gurutzatu du, lehen gola erdiesteko.

Presio handiagoa bigarren zatian, Getaferen aldetik

Bigarren zatia bestelakoa izan da. Fran Escribaren gizonek presio handiagoa sartu diote jokoari, eta, horren eraginez, baloia gero eta maizago ibili da zuri-gorrien arean. Gainera, bilbotarrek nekea nabaritu dute. Hala, Scepovic berdinketaren gola sartzeko zorian izan da, 65. minutuan, sakoneko pase eder bat jaso eta gero, baina Gorka Iraizozek sekulako geldiketa egin du eta kornerrera bidali du. Lekue, Laporte eta Viguera zelairatu ditu Valverdek, eta hirurek eman diote sendotasuna Athleticeko jokoari, baina azken minutuetan estu-estu ibili da Bilboko taldea emaitzari eusteko. Luzapenean, Getafek gol-aukera on bat galdu ostean, protestak izan dira, eta Calari bigarren txartel horia erakutsi diote eta kaleratu du epaileak.

Zuri-gorrien artean, Mikel San Josek eman du maila oso ona zelai erdian, eta Beñatek ere partida ona egin du. Javi Eraso oso langile ibili da, presioan, eta nabarmentzekoa ere bada Mikel Balenziagaren partida; izan ere, Zumarragakoak erdiraketa bikaina egin du Athleticen golan, aurreko igandean ere egin zuen moduan. Oscar de Marcosek, bere aldetik, ezin izango du jokatu datorren larunbatean, Villarrealen aurka San Mamesen, bosgarren txartel horia ikusi duelako. Garaipen garrantzitsua Athleticentzat; zuri-gorriek sendo jarraitzen dute.

Fitxa teknikoa:

0.- Getafe: Guaita; Damian, Cala, Velazquez, Roberto Lago (Yoda, 56. min); Lacen, Juan Rodriguez (Wanderson, 65. min); Pedro Leon, Victor Rodriguez, Moi Gomez (Alvaro, 75 min); eta Scepovic.

1.- Athletic; Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Gurpegi, Balenziaga; San Jose, Beñat; Williams (Lekue, 63. min), Eraso (Viguera, 82. min) Sabin Merino (Laporte, 75. min); eta Aduriz.

Gola: 0-1, 25. min: Williams.

Epailea: Estrada Fernandez (Kataluniako Komitea). Roberto Lagori eta Velazquezi atera dizkio txartel horiak, Getaferen aldetik, eta Balenziagari, De Marcosi, Laporteri, Beñati eta Adurizi, Athleticen. Getafeko Calari bi txartel atera dizkio, eta kanporatu du 93. minutuan.

Gertakizunak: 9.000 ikusle Alfonso Perezen. Horietatik 600-700, athleticzaleak. Etengabe animatu dituzte lehoiak.

ituzte lehoiak.