Athletic Club
6-0
Athleticek garaipena oparitu dio Bartzelonari
Erredakzioa
Barçak 6-0 irabazi die zuri-gorriei. Etxeitak eta Iraizozek 3. minutuan egindako akatsak atezainak txartel gorria ikusi izana eragin du, eta Athleticek 89 minutu egin ditu jokalari bat gutxiagorekin.
-
Iraizozek Suarezi penaltia egin eta txartel gorria ikusi duen unea. Argazkia: EFE
Athleticek 6-0 galdu du Bartzelonaren aurka Camp Noun. Etxeitak eta Iraizozek 3. minutuan egindako akats larriak atezaina egotzia izatea eragin du, eta zuri-gorriek jokalari bat gutxiagorekin jokatu behar izan dute 89 minututan.
Partidako lehen abagunea Athleticek izan du bigarren minutuan; Muniainek pase ona eman dio Erasori eta honek abagune oso argia huts egin du Bravoren ate aurrean. Minutu bat beranduago, Etxeitak eta Iraizozek akats larria egin dute. Erdiko defentsa lokartu egin da, Suarezek aurrea hartu dio, eta Iraizozek penaltia egin dio. Mateu Lahoz epaileak penaltia adierazi eta Iraizozi txartel gorria atera dio. Athletic hamar jokalarirekin geratu da, eta Herrerin sartu da Muniainen ordez. Messik jaurti du penaltia eta 1-0ekoa sartu du. Jokaldi honekin maldan gora jarri zaio partida talde zuri-gorriari, nahiz eta Athleticek Bartzelonari ondo eutsi dion 31. minutura arte. Orduan etorri da Barçaren bigarren gola, Neymarren bitartez (2-0). Bartzelonaren aldeko 2-0eko emaitzarekin iritsi da partida atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta jarraian, talde katalanak 3-0ekoa sartu du. Luis Suarez izan da golegilea eta Athleticeko defentsa berriro lo eta bigun ibili da. Norgehiagoka oso zail izan duen arren, zuri-gorriek aldeak murrizteko aukera izan dute, baina Erasok (lehen golean bezala) huts egin du Barçaren ate aurrean. Oso abagune argia huts egin du Athleticeko erdilariak. Abagune argi hori huts egin ostean, Barçak laugarren gola sartu du (4-0) Rakiticen bitartez.
Partidaren azken txanpan Bartzelonak beste bi gol sartu ditu; biak Luis Suarezek eta, ondorioz, uruguaiarrak hat-tricka lortu du Bartzelonaren garaipena biribilduz.
Fitxa teknikoa:
6. Bartzelona: Bravo; Aleix Vidal, Piqué, Mascherano, Alba (Bartra, 69. min); Rakitic (Sergi Roberto, 62. min), Busquets, Iniesta; Messi (Arda Turan, 46. min), Suarez eta Neymar.
0. Athletic: Gorka Iraizoz; Bóveda, Laporte, Etxeita, Balenziaga; San Jose, Beñat (Iturraspe, 62. min), Eraso, De Marcos; Williams (Sabin Merino, 56. min) eta Muniain (Iago Herrerín, 5. min).
Golak: 1-0, 7. min: Messi (p). 2-0, 31. min: Neymar. 3-0, 47. min: Suarez. 4-0, 61. min: Rakitic. 5-0, 68. min: Suarez. 6-0, 82. min: Suarez.
Epailea: Miguel Mateu Lahoz.