Athletic Club
Entrenamiento en Lezama
Sporting-Athletic: Gurpegi izango da hamaikakoko berritasuna
Haritz Gallastegi
Lezama
Llorente eta Toquero arazo fisikoekin daude, baina prest egongo dira Molinonen jokatzeko.
Molinon ez da zelai gaiztoa Athleticentzat. Estatistikak aldeakoak dira. Molinonen jokatutako neurketetan etxeko taldeak baino partida gehiago irabazi ditu -11 Sportingek eta 14 Athleticek-. Gainera, Xixon bisitatu duen azken zortzi alditan punturenbatekin itzuli da etxera.
Hala ere, jokalariek ez dute neurketa erraza aurreikusten. "Guretzat jardunaldi ona izan daiteke Europako postuetan sartzkeo. Baina hori denboraldi amaierako helburua da. Neurketa gaitza izango dugu. Sportingek joan den sasoian baino talde hobea dauka eta eroso dago sailkapenaren erdialdean", esan du Fernando Llorentek.
Aurrelari errioxarrak arrazoi bi ditu minduta egoteko. Batetik, Espainiako selekzioaren azken deialdiko partaide ez izateak min eman dio. Bestetik, oinak ematen dio min. Hankapean arazoak ditu eta utzi egin behar izan du lan saioa. Hala ere, futboleko botak aldatuta ez duela arazorik izango iritzi dio.
Llorente ez eze, Toquero ere arazo fisikoekin dago. Hiru egun daramatza taldearekin entrenatu gabe, baina larunbaterako prest egotea espero da. Osatzen ez bada Susaeta arituko da bere lekuan. Eskuin hegalean, berriz, Gurpegik jokatuko du. Andosillakoa izango da nobedade nagusia.