Athletic Club
2-2
Athleticek berdinketa besterik ez du lortu Las Palmasen aurka
Agentziak | Erredakzioa
Zuri-gorriak bi aldiz jarri dira aurretik markagailuan, baina talde kanariarrak birritan emaitza berdintzea lortu du. Europako postuetan dira bizkaitarrak, Txapeldunen Liga urrunago duten arren.
-
Athletic-Las Palmas. Argazkia: EFE
Athleticek bina (2-2) berdindu du Las Palmasen aurka San Mamesen. Puntu honekin, talde zuri-gorriak BBVA Ligako sailkapeneko seigarren postuan kokatzen da 28 punturekin, baina Txapeldunen Ligako postuak urrunago ditu. Vila-realek garaipena lortu eta zortzi puntura aldendu da.
Partida kaskarra bizi izan da San Mamesen. Bi taldeetako batek ere ez du joko ikusgarririk eskaini, baina 17. minutuan, epaileak Athleticen aldeko penaltia adierazi, Adurizek jaurti eta 1-0ekoa sartu du. Gol honekin 11 sartu ditu BBVA Ligan. Aldea handitzeko aukerak izan ditu talde zuri-gorriak lehen zatian, baina bizkaitarren aldeko gol bateko abantailarekin iritsi da lehia atsedenaldira.
Bigarren zatian Athleticek erritmoa jaitsi du, eta hori ikusita Las Palmas hobeto jokatzen hasi da. Ondorioz, 62. minutuan, Vicente Gomezek banakoa (1-1) sartu du, zuri-gorriek defentsan egindako huts baten ostean. Valverdek zuzentzen duen taldeak azkar erantzun du, eta 66. minutuan Iñaki Williamsek 2-1ekoa sartu du.
Bigarren gola sartu ostean, Athletic erlaxatu egin da; jokalariek partida irabazita dagoela uste izan dute, eta asteazkeneko Kopako partidari begira jarri dira. Honen eraginez, Las Palmasek berriro partida berdintzea lortu du, Tanak sartutako golari esker. Oraingo honetan ere, zuri-gorriek kale egin dute defentsan. Azken minutuetan erasora jotzen saiatu da Athletic, baina jada beranduegi izan da, eta partida berdinketarekin amaitu da.
Fitxa teknikoa:
2 - Athletic Club: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Gurpegui, Balenziaga; San Jose, Mikel Rico (Iturraspe, 53. min); Williams (Muniain, 82. min), Raul Garcia (Eraso, 67. min), Susaeta; eta Aduriz.
2 - UD Las Palmas: Javi Varas; David Simon, David Gacia, Aythami, Dani Castellano; Vicente Gomez, Culio (Momo, 80. min); El Zhar (Nauzet Aleman, 90. min), Tana (Wakaso, m.92), Jonathan Viera; eta Araujo.
Golak: 1-0, 17. min: Aduriz, penaltiz. 1-1, 62. min: Vicente Gomez. 2-1, 66. min: Williams. 2-2, 81. min: Tana.
Epailea: Del Cerro Grande.
l Cerro Grande.l Cerro Grande.