Athletic Club
Prentsaurrekoa Ibaiganen
San Mames berria: Lehen harria, apirilaren amaieran edo maiatzean
Erredakzioa
Garcia Macuak prentsaurrekoan jakinarazi du Athleticen futbol-zelai berriaren eraikuntza apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran hasiko dela. 5500 metro karratuk erabilpen publikoa izango dute.
San Mames Barriaren Kontseiluak Batzarra egin zuen astelehenean, eta bertan harturiko erabakiak dira gaur Athleticeko presidenteak prentsaurrean aditzera eman dituenak. Futbol-zelai berriaren eraikuntza "apirilaren amaieran edo maiatzaren hasieran" hasiko da. 2012- 2013. denboraldian, Athleticek San Mames berrian jokatuko du, nahiz eta zelaia, erabat amaitu gabe izan.
Bilboko Udalari eraikuntzarako baimena eskatu diote, ondoren, Lehiaketa Publikora deituko dute, eta Udalari zein Eusko Jaurlaritzari, zelai ondoan, 5500 metro karratu eurentzat gordeta dituztela esan diete. Macuak, Eusko Jaurlaritzak proiektuarekin lehenbailehen bat egitea espero du.
20:00etan hedabideekin hitzordua du berriro ere Macuak Joaquin Caparros entrenatzailearen jarraipenaren berri emateko.