Itxi

Athletic Club

3-0

Athleticek aise irabazi dio Sportingi, eta gora begira jarri da

Mikel Dominguez | eitb.eus

Zurigorriek partida bikaina egin dute, eta Susaetaren golari eta Adurizen biei esker, bat penalti jokaldi baten ostean, hiru puntu eskuratu dituzte San Mamesen.

  • Beñat eta Aduriz, gola ospatzen / EFE.

    Beñat eta Aduriz, gola ospatzen / EFE.

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Sportingi San Mamesen (3-0), erritmoz, presioz, lanaz eta kalitatez betetako neurketan. Zurigorriek sailkanepeko beheko postuetan eroso ez zaudela erakutsi dute, eta bidea aurkitu dute Ligan.

Neurketaren hasieratik egon da argi partida bizia izango zela: erritmo handia, asmo onak, aukerak eta alternatibak bi taldeentzat. Sporting nagusi izan da hasierako ordu laurdenean, batez ere ezker hegaletik, erdiraketa arriskutsuak sortuz. Athletic ez da baloiarekin fin ibili.

Beldurra sartu du Sportingek, baina zurigorriek serio erantzun diote. Adurizek buruz izan du aukera, lehenengo zutoinera De Marcosen erdireta errematatuz. Estrategia jokaldietan ere arriskua sortzen hasi dira.

Suspertu egin dira lehoiak, eta saria izan dute talde jokaldi on baten ostean. Beñatek jaso du baloia, eta Raul Garciari egin dio pasea. Horrek bikain utzio dio Williamsi, eta erdiraketa ukitzearekin nahiko izan du Susaetak gola lortzeko.

Aurretik markagailuan, gehiago nahi izan dute zurigorriek. Golak aktibatuta, baloiaren jabetza izan dute, azkar berreskuratuz. Bigarren saria penaltiz izan dute, Mascarellek Williamsi egindakoari esker. Adurizek bigarrenean sartu du.

Atsedenalditik bueltan, nagusi jarraitu du Athleticek. Lehen zatiko erantzunaren emaitzaren jakitun, arrapaladan zelairatu dira. Eta gertu izan dute hirugarrena hasi bezain laster. Adurizek zutoinean jo du, eta gero Etxeitak izan du abagunea.

Azkenean gola heldu da, nola ez, Adurizek egina. Gol bat falta zaio talde zurigorriarekin ehun sartzeko. Oraingoan, Beñaten pasearen ostean, donostiarrak jaurtiketa gurutzatua atera du, 68.ean. Gero, luzapenean, hirukoa lortu du ia.

Athleticek lasai hartzeko aukera izan du, erabakita baitzuen neurketa, baina geldiune baten ostean, baloiari, presioari eta gogoei eutsi die, azken momentura arte tentsioa mantenduta. Garaipen argia erdietsi dute, eta sailkapenaren erdian jarri dira.

FITXA TEKNIKOA

Athletic: Iraizoz; De Marcos, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat (Eraso, 84. min); Williams (Boveda, 73. min), Raul Garcia, Susaeta (Ibai, 81. min); eta Aduriz.

Sporting: Alberto; Lora, Luis Hernandez, Bernardo, Isma Lopez; Sergio Alvarez, Mascarell (Carmona, 46. min), Nacho Cases; Halilovic (Pablo Perez, 70. min), Jony; eta Guerrero (Mendigutxia, 60. min).

Golak: 1-0, 29. min: Susaeta. 2-0,  42. min: Aduriz. 3-0, 67. min: Aduriz.

7. min: Aduriz.